Juan Mari Aburto alkateak eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak gaur Bizkaiko hiriburuan aurkeztu duten Bilbao 2015 Enplegu Planaren lehentasunezko bi helburuak hirian jardun ekonomikoa sustatzea eta enplegu aukera berriak sortzea dira, betiere "laneratzeko zailtasun gehien eta egoera ahulenean dauden pertsonei arreta berezia eskainiz". Gaur aurkeztutako ekimena Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatzen duten konpromisoaren barruan kokatzen da, hain zuzen ere lana behar duten pertsonak kontratatzea bultzatzeko eta errazteko programak eta jarduketak bultzatzeko konpromisoaren barruan.
Horrenbestez, 2015 Enplegu Plana, batetik, erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta, bestetik, enpresa eta entitate publiko eta pribatuen elkarlanaren fruitua. Edizio honen berrikuntzen artean daude, besteak beste, "aukera berdintasunaren eta genero ikuspuntua txertatzearen aldeko apustua egin izana"; horri jarraiki, kontratatutako pertsonen %40 emakumeak izango dira, hau da, 457 kontrataziotik gutxienez 183. Horrez gain, "auzoen arteko garapen orekatua bultzatuko da", merkataritza, gizarte eta kultura arloetako jardun ekonomikoa auzoetan indartuz; ezaugarri hori ere programa honen "bereizgarrietako bat da lehendabiziko deialditik, eta indarrean jarraitzen du gaur egun ere"; egoera ahulean dauden pertsonen laneratzearen aldeko apustua ere programaren funtsezko ezaugarrietako bat da.
5.350.000 eurotik gorako aurrekontua
Bilbao 2015 Enplegu Planak 5.354.613 euroko aurrekontua du; Eusko Jaurlaritzak 4.154.613,08 euroko ekarpena egin du, Lanbideren bitartez, eta Bilboko Udalak, berriz, 1.200.000 eurokoa. Egitasmo honi esker 457 lanpostu sortuko dira, eta horietatik 193 Bilbao Ekintzak zuzenean kudeatutako kontratazioak izango dira. Zenbait enpresa pribatuk 222 pertsona kontratatuko dituzte, eta hainbat irabazi asmorik gabeko gizarte entitate, laneratzeko enpresa eta zentro berezik, berriz, 42 pertsona. Beste urte batzuetan egin den arren, aurten Bilbao 2015 Enplegu Planak ez dauka tokiko ekintzailetza bultzatzeko linearik, ezta gaitasun profesionalak eskuratzeko prestakuntzarako laguntzarik ere.
Gizarte orientazio nabarmena daukan plana
Bilbao 2015 Enplegu Planak, "ekimenaren espirituari eutsiz, gizarte orientazio nabarmena dauka", zeharkako izaerarekin txertatutakoa; izan ere, laneratzeko zailtasun gehien dituzten pertsonak dira ekimenaren protagonista nagusiak. Hala, kontratatuko diren 457 pertsonetatik %40 emakumeak izateaz gain, Bilbao 2015 Enplegu Planak lehentasuna emango dio, halaber, 55 urtetik gorako pertsonak kontratatzeari, kontratazio guztien %15 sektore horri emanez (68 pertsona). Irabazi asmorik gabeko elkarteek eta Bilbao Ekintzak sortutako lanpostuei dagokienez (235), Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat izango dira aipatutako lanpostuen %30; gainerako %70a, berriz, zailtasun gehien dituzten taldeentzako lanak izango dira, tartean lehenengo lanpostuaren bila dabiltzan 35 urtetik beherakoak, langabezian denbora luzea daramaten pertsonak…
Auzoak garatzea ere lehentasunezkoa
Eraikin publikoen birgaikuntza lanak
Hiriko auzoetako "garapen justu eta iraunkorra sustatzea" da Bilbao 2015 Enplegu Planaren berezko zutabeetako bat, eta pertsonen ongizate eta bizi kalitatean eragitea du helburu, errentagarritasun sozial argia daukaten ekintzen programa baten bitartez. Hala, Bilbao Ekintzak kontratatuko dituen 193 pertsonetatik 106k udal higiezin eta eraikinak birgaitzeko lanetan hartuko dute parte, baita hiri eta udal altzari eta ekipamenduak eguneratu, hobetu eta lehengoratzeko lanetan ere. Rekalden eguneko zentro bat sustatuko da, Mendipe kalean, eta gazteentzako ikasgela bat Gabriel Aresti ikastetxearen beheko aldean. Otxarkoagan, ostera, enpresa berrien zentro bat eta auzoko zerbitzuetarako espazio bat abiaraziko dira, Lope de Vega ikastetxearen instalazioetan (une honetan ez dago martxan), eta Ramon y Cajal ikastetxea berrituko da.
Baso lanetarako taldeak eta hiriko zizeroiak
35 pertsonako talde batek (Bilbao Ekintzak kontratatuko dituen 193 horien artetik) basoko lanak egingo ditu, hau da, landaketak egin eta hiri altzariak egokitu ditu aisialdi eremuetan, jolasteko esparruen bazterretan sasiak kenduko ditu, iturriak, kutxatilak eta hodiak eguneratuko ditu… Bestalde, 13 pertsonako beste talde batek turismoaren arloan egingo du lan; horietatik, hamaika langile turismo informatzaile kualifikatu gisa arituko dira (hiriko zizeroiak), eta beste bi, berriz, Bilbao Turismoko sare sozialak kudeatu eta digitalizatzeaz arduratuko dira.
Elkarbizitza, berdintasun eta genero ikuspegia
Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa, berdintasun politikak sustatzea eta genero ikuspegia udalaren gastuen aurrekontuan txertatzea izango dira beste bederatzi pertsonen langaiak, auzoetako eragileak eta kultura arteko elkarbizitza sustatzeko programekin batera. Artxanda, tarte bat oroitzapenerako proiektuak lau profesional jasoko ditu, eta beste bi langile Arriaga Antzokiko jantziak eta jantzi ondarea zaintzeaz arduratuko dira. Aukera sektore berriak aztertzea, Auzo Factory zentroetan kultura dinamizatzea, hirian ekitaldiak antolatzea, espazio publikoak aktibatzea eta eduki sozial nabarmena izango duten beste ekintza batzuk bideratzea izango da beste 24 pertsonaren lana; kasu honetan ere Bilbao Ekintzak kontratatuko ditu, Bilbao 2015 Enplegu Planaren barruan.
Kontratuak eta diru-laguntzak
Bilbao 2015 Enplegu Planaren bidez sinatuko diren lan kontratu guztiek gutxienez 3 hilabeteko eta gehienez 6 hilabeteko iraupena izango dute lanaldi osoan edo erdian eta 2016ko maiatzaren 31 bitartean gauzatu beharko dira. Bilbao Ekintzak sustatutako kontratazioak, edozein kasutan, sei hilabeterako eta lanaldi osoan izango dira. Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez finantzatutako diru-laguntzak honakoak dira:
Esparru publikotik (Bilbao Ekintza) sustatutako kontratazioak, eta laneratzeko enpresa, enplegurako zentro berezi eta laneratze eta gizarteratze arloetan jarduten diren irabazi asmorik gabeko gizarte entitateen bidez egindakoak.
- Gehienez 12.500 euro lan kontratuko, lanaldi osokoa eta gutxienez 3 hilabetekoa eta gehienez 6 hilabetekoa bada.
Enpresa pribatuetatik egindako kontratazioak (tokikoak)
- Gehienez 3.000 euro lanaldi osoko 3 hilabeteko kontratuko
- Gehienez 3.000 euro lanaldi partzialeko 6 hilabeteko kontratuko (gutxienez lanaldiaren %50ekoa)
- Gehienez 6.000 euro lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratuko
- Gehienez 9.000 euro lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratuko, Lanbidek ezarritako lehentasunezko taldeetako pertsonak kontratatzen direnean
Proiektu partekatua
Bilbao 2015 Enplegu Plana lankidetza publiko eta pribatuko prozesuaren emaitza da eta, hasiera-hasieratik, hirian presente dauden erakunde, elkarte eta agente sozial eta ekonomikoen babes eta laguntza izan du. Proiektu hau errealitate bihurtu da abiarazteko fasean hainbat eragile inplikatu direlako, irabazi asmorik gabeko entitateak, laneratzeko enpresak edota enplegu zentro bereziak, esaterako Gaztaroa Sartu, Sokaire, Aurkelan, Suspertu, Lantegi Batuak, Sortarazi, HIESaren aurkako Bizkaiko Herritar Batzordea, Koopera, Lagun Artean, Agiantza Elkartea, Zubietxe, Emaus, Aldauri Fundazioa, Claret Sozial Fondoa Fundazioa, Izangai Elkartea edota Aurrerantz; orotara 42 pertsona kontratatuko dituzte.
Horrez gain, Bilbao 2015 Enplegu Planak aurreikusten duenez, hainbat enpresa pribatuk 222 pertsona kontratatuko dituzte. Enpresa pribatuak inplikatzeak balio erantsi nabarmena dauka; izan ere, ekimen honen azken edizioan parte hartu zuten enpresa pribatuen %87 proiektu honen babespean kontratatutako pertsonen lanpostuei eustearen alde agertu zen Bilbao Ekintzak egindako asebetetze inkesta batean. "Zalantza izpirik gabe, datu ona da; programa honen berezko zutabeetako bat bermatzen du eta aurrera jarraitzeko bokazioa berresten du", adierazi dute udal ordezkariek. Bilbao 2015 Enplegu Planaren laguntzak jaso ahal izateko ezinbesteko betebeharra da kontratazio guztiak 2016ko maiatzaren 31n bukatuta egotea.
Hautapen prozesua
Bilbao 2015 Enplegu Planean parte hartzeko ez da eskabiderik egin behar. Aski da lau baldintza betetzea: Bilboko bizilaguna izatea, langabezian egotea, Lanbiden lanpostu-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta 2015eko martxoaren 25eko ebazpenean ezarritako taldeetako bateko kide izatea. Euskal Enplegu Zerbitzuak hasierako hautaketa bat egingo du, eskainitako lanpostuetan oinarrituta, ezarritako irizpideak betetzen dituzten eta eskatutako profilera egokitzen diren horien artean. Bilbao Ekintzak, ekimen honetan parte hartzen duten erakundeekin lankidetzan, azken hautaketa gauzatuko du, aurrez aurreko elkarrizketa bidez, "prozesu ireki eta gardena bermatuz".