"Gardentasuna bermatzeko" Udalak bere gain hartu behar du Bilbao 700en ardura EH Bilduren arabera

uriola.eus 2015ko uzt. 14a, 13:00

Irudia: www.bilbao700.com

Bilbao 700 fundazioaren patronatuaren ezohizko bileran parte hartu du gaur goizean EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek, eta aurreko astean aurreratu bezala, "fundazioaren eginkizunak Udaleko Kultura Sailak berak hartzeko" exijitu du bilkuran bertan.

Fatuartek gogorarazi duenez, "Bilboko hiribilduaren sorrera ospatzeko ekitaldiak antolatzeko sortu zen fundazioa 2000. urtean, eta fundazio egitura hartu zuen inbertsio pribatua erakartzeko estrategiaren pean".

Datu ekonomikoek adierazten dute inbertsio pribaturik "ez dagoela apenas", eta Bilbao 700en jasotzen duen laguntza ekonomikoaren %97,6 Bilboko Udalaren dirua izanik, "zentzuzkoena da Udalak berak zuzenean kudeatzea fundazio honek urtean antolatzen dituen zazpi ekitaldiak", adierazi du Fatuartek. Musika-Música, Bilbao Ars Sacrum, Gau Zuria, Balearen Kalejira, Flamenco Jaialdia, Gabonetako Kontzertua eta 365Jazzbilbao antolatzen ditu Bilbao 700 fundazioak.

Fundazioaren "egiturak berak zailtzen du gardentasuna", Fatuartek nabarmendu duenez, hala kudeaketan nola arduradun politikoen izendapenean. Izendapenak ez dira egiten merituen araberako hautaketa prozesu publiko baten oinarrituta EH Bilduk salatu duenez. Zentzu horretan, Josune Ariztondo fundazioaren zuzendari jarri izana gogor kritikatu du Fatuartek: "PNVren kolokazio politikaren enegarren kasua dugu".

Fatuartek gogor kritikatu du Ariztondoren izendapenaren berri prentsaren bidez jakin izana. “Patronatuaren ez ohiko bilerara deitzen gintuen gai ordenarekin batera, ez dugu inolako proposamenik ez informaziorik jaso. Prentsaren bidez jakin behar izan genuen, pasa den astean, PNVk Ariztondo jartzeko asmoa zuela, bizitza osoa alderdiari emana bizi izandakoari erretiro lasai eta erosoa emateko edo”.

Patronatuan bertan, Fatuartek galdetu du zein irizpideren arabera aukeratu diren arduradun politiko berriak, zein soldata izango duten, eta soldata horien baldintzak zein izango diren. Izan ere, "inolako informaziorik ez dute erraztu fundazioaren arduradunek, nahiz gardentasunaren izenean guztiz publikoa izan behar lukeen". Hala, Aburtoren gardentasun promesak "ezin faltsuagoak direla argi geratu da" Fatuarteren hitzetan. "Gaizki hasten da garden eta zuzen jokatu nahi duen gobernu bat, guztion diruz finantzatzen den egitura bat alderdikeriaz erabilita".

Fundazioaren egokitasuna auzitan jartzeko beste arrazoi batzuk ere jarri ditu mahai gainean Fatuartek. "Udal gobernuak duen tamaina erraldoia da: 17 zinegotzik osatutako Udal Gobernu bat gai izango beharko litzateke Bilbao 700 Fundazioak urtean antolatzen dituen zazpi egitasmoak bere gain hartzeko. Eginkizun horiek Kultura Sailak zuzenean kudeatu ahal izango lituzke, administrazioaren baliabideak xahutu gabe eta zentzugabeko bikoiztasunak ekidinez", nabarmendu du.