Punta-puntako txirrindulari paralinpikoak Bilbon lehiatuko dira

uriola.eus 2015ko uzt. 17a, 08:00

Larunbatean hamaika herrialdeko 112 txirrindularik parte hartuko dute Bilbon XIX. Bizkaiko Paracycling Biran. Egungo txirrindularitzaren elite paralinpikoa bertatik bertara ikusteko aukera izango dute zaleek.

Bizkaiko Paracycling Biraren hemeretzigarren edizioa aurkeztu dute gaur Bilboko udaletxean. Nazioarteko egutegiko proben artean zaharrena da. Aurtengoan, uztailaren 18an eta 19an txirrindularitza paralinpikoko izen nagusiak Etxebarri, Mungia, Elorrio eta Bilboko errepideetan bilduko dira. Izen horien artean daude dominadun paralinpiko hauek, besteak beste: Mark Rohan, Maurice Eckard, Cristian Venge, M. A. Clemente, Pepi Beniez, Aitor Oroza eta Josu Moreno. 

 

Irteera Bilbotik

2015eko UCI rankingerako puntuagarria izango den proban 11 herrialdetako eta 10 autonomia erkidegoko 112 txirrindularik hartuko dute parte; horien artean daude sei txapeldun paralinpiko eta nazioarteko elitearen zati handi bat. 

Aurreko edizioetan gertatu izan den moduan, asteburu honetan txirrindularitza egokituko lau kategoria lehiatuko dira: bizikletak, trizikloak, tandemak eta eskuko bizikletak. 

Hiru etapa izango dira, bat tropelean eta erlojuaren aurkako bi, profil egokiekin desgaitasun-maila desberdinak dauzkaten parte-hartzaileek probaz goza dezaten. 

Uztailaren 18an izango da lehen eguna eta irteera Bilboko autobusen geltokiaren inguruan izango da. Eguna 09:45ean hasiko da, emakumeen tandemen lasterketaren irteerarekin eta 09:55ean gizonezkoen irteerarekin. Leku beretik abiatuko da bizikleten lasterketa; 10:05ean emakumeen txanda eta 10:15ean gizonezkoena. 

Uztailaren 19an, domeka, Mungiako udaletxeko plaza izango da irteera eta helmuga erlojuaren aurkako proba egiteko. 10:00etan irtengo dute parte-hartzaileek. 

 

Saiatu, Udala eta babesleen arteko lankidetza

Bilboko Udalak kirol egokituari eta desgaitasunen bat daukaten pertsonen "inklusioari laguntzeko konpromisoa" berretsi du gaurko agerraldian, "pertsona horiek kirolaz goza dezaten eta kirolak osasun fisikorako eta psikologikorako dauzkan onurak aprobetxa ditzaten". Instituzioen eta kirolarien, erakundeen eta taldeen arteko "lankidetza ezinbestekoa da egunero aurrean dauzkaten oztopoak gainditzeko". 

Saiatu fundazioak antolatzen duen Bizkaiko Paracycling Birak babes hauek dauzka: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Mungiako Udala, Elorrioko Udala, BBK, Petronor, Euskaltel, Bidaideak, Bonaparte, Riozuri eta Simply. Hemeretzigarren edizio honetan Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren, Kirol Egokituaren Bizkaiko Federazioaren eta Bizkaiko Txirrindularitza Federakundearen laguntza ere izango du.

 

Aldaketak Bilboko zirkulazioan

Bizkaiko Paracycling Biraren hemeretzigarren edizioko lehen eguna Bilbon hasiko da eta Basurtu inguruan aldaketan izango dira ibilgailuen zirkulazioan. 

Irteera marra Basurtuko Kaputxinoen kalean egongo da, San Mames ondoan. Hori dela-eta, kale horretako garajeetara doazen ibilgailuek soilik izango dute zirkulatzeko baimena. 

Gurtubay kaleko erdiko eta ezkerreko erreiak, Torres Quevedo eta Perez Galdos kalearekiko tartean zirkulaziorako irekita egongo dira, bai eta Gurtubay kaleko beheranzko noranzkoa ere, Montevideo eta Perez Galdos kaleen artean 

Montevideo etorbidearen eta Gurtubay kalearen arteko gurutzean txandaka emango zaie pasoa ibilgailuei eta txirrindulariei. Era berean, Montevideo etorbideko bidegurutzean, Zorrotzako noranzkoan, eskuineko erreia ibilgailu arruntentzat izango da eta ezkerrekoa larrialdietako ibilgailuentzat soilik. 

 

Masustegi, Mintegitxueta Santiago, Santa Ana eta Altamira auzoetara sarrera

Gainera, 09:30-11:15 bitartean, gutxi gorabehera, Basurtu-Kastrexana errepidea itxita egongo da Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen eta errepidearen gainaren artean (Beyenako antzinako fabrikaren ondoan) Kadaguako Korridorerako bidean. 

Hori dela-eta, 09:30-11:15 bitartean, gutxi gorabehera Masustegi edo Mintegitxuetara edo Santiago eta Santa Ana auzoetara joan gura duten ibilgailuek ordezko bide hau hartu beharko dute: Masustegiko Estrata. 

Altamira, Santiago edo Santa Ana auzoetara joateko, Zorrotzara joan beharko da: Zazpilanda errepidea → Basurtu-Kastrexana errepidea → Bilbao.