Metro Bilbaok baliabide publikoak garraio publikoa pribatizatzera bideratzen dituela salatu du LABek

uriola.eus 2015ko uzt. 16a, 08:00

ADO/Avanza taldeak eta Metro Bilbaok Lisboarako adostu berri duten akordioak, LAB sindikatuaren esanetan, "baliabide publikoak eskaintzen dizkio garraio emakiden nazioarteko tarte pribatu bati". Hori dela eta LABek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "ez uzteko herritarrek ordaindutako giza baliabideak edo diruak horrelako proiektutara bideratzen".

Lisboako metropoliko garraio-sistema, autobusak eta metroa, ustiatzeko emakidaren berri ezagutu zen uztailaren 14an, Metro Bilbaoren eta ADO/Avanza enpresa taldearen arteko akordioaren bitartez.

Eneko Arruebarrenaren zuzendaritza taldeak, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordearekin batera, "ez du inolako erreparorik izan garraio pribatuen ustiapenerako nazioarteko talde garrantzitsuenetako baten arduradunekin argazkia egiteko", LAB sindikatuak gogor kritikatu duenez.

Lankidetza "publiko-pribatu honekin", Metro Bilbao "enpresa pribatuen eskuetan jartzen ari da EAEko erakunde eta herritarren diru publikoarekin finantzatutako kudeaketa eredua". Horrela garraioen emakida pribatuak "enpresa multinazional eta filosofia neoliberalekoek hartzea sustatzen ari dira, herritarren mugikortasunaren beharretan oinarritutako kudeaketa publikoaren kaltetan". Sindikatuarn aburuz, Eusko Jaurlaritzak eta Metro Bilbaok baliabide publikoak esku pribatuetan jartzen dituzte "pertsona eta enpresa gutxi batzuen mozkinak jendartearen ongiaren gainetik lehenetsiz".

LABek gogoratzen du garraio sisteman liberalizazioak eta pribatizazioak "eragin zuzena" duela pertsonen lan baldintzetan eta zerbitzuen kalitatean. "Pribatizazioak kaleratzeak, lan baldintzak okertzea, segurtasuna gutxitzea, zerbitzuak kanporatzea ekarri ohi ditu, prezioak garestitzeaz eta erabiltzaileentzako zerbitzu eskasagoaz gain".

 

blogak.com/labmetrobilbao