BBK Live jaialdiak hogei milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izan du

uriola.eus 2015ko uzt. 16a, 12:44

Bilbao BBK Live jaialdia jardun ekonomikoaren motor gisa finkatu da Bilbon eta Bizkaian; izan ere, 20.775.793 euroko eragin ekonomikoa izan baitu, aurreko marka guztiak hautsiz. 

Kobetamendiko musika hitzorduaren X. edizio honetan bigarren aldiz agortu dira salgai jarri ziren sarrera guztiak (2014an ere agortu ziren).  Egunean 40.000 pertsonak parte hartu zuten jaialdian. Hirian ere nabaritu zen hitzorduaren presentzia, kontzertu 'Bereziak' antolatu baitziren Bilboko kaleetan barrena. Horretaz gain, Bizkaiko sei aretotan ere emanaldiak eskaini ziren eta rock doinuen 21.000 jarraitzaile leial bildu zituzte. Britainiarrentzat eta frantsesentzat Bilbao BBK Live marka erreferentea da dagoeneko; izan ere, bertaratu ziren lagun guztien % 28,1 bi herrialde horietakoak baitira.

2015eko balantze ekonomikoa 2014an erregistratu zena baino pixka bat hobea da, urte hartan hogei milioi euroko langa gainditzea lortu baitzen. Azken edizio honetan jaialdiak izan duen inpaktu ekonomikoak 385.980 eurotan egin du gora. Datu horrek musika industriaren sendotasuna agerian uzten du, baita hazteko eta aberastasuna sortzeko duen ahalmena ere. Kobetamendiko jaialdiaren antolatzaileek Bizkaiko 31 enpresaren laguntza behar izan dute; logistikan, hornikuntzan, zerbitzuetan, argiterian, soinuan, ikus-entzunezkoetan eta catering zerbitzuetan espezializatutako enpresak izan dira. Hala, nabarmendu egin da hiriko eta lurraldeko enpresa sareen sendotasuna, eta horrek erabateko bermea eskaintzen du Bibao BBK Live jaialdiaren oihartzuna eta erakargarritasuna dituen ekitaldi bat arrakastaz egiteko.   

 

Erresuma Batuak eta Frantziak Kobetamendiko jaialdiaren alde egin dute  

X. edizio honetan ere Bilbao BBK Live jaialdiak Europako zirkuitu musikalean agerraldi indartsua izaten jarraitu du. Bizkaiko hiriburura kontzertuak ikustera etorri direnen % 28,1 Erresuma Batutik (14,4) eta Frantziatik (13,7) heldu dira. Datu ona da hori, zalantzarik gabe, joan den urtean erregistratu zenarekin bat datorrena. Aurten % 3,4 egin du gora frantsesen kopuruak, baina britainiarraren ehunekoak kopuru berean egin du behera. Hala ere, britainiarrek parte hartzaile europarren zerrendan lehen postuan jarraitzen dute.

Bizkaitarrak bertaratuen % 23,1 izan dira, aurreko edizioan baino 1,3 gehiago; beraz, aurten ere estatuko zerrendaburu da Bizkaia. Madrilek % 1,2 egin du gora, eta % 12,8ra iritsi da. Katalunia % 7,7rekin finkatu da, aurreko ekitaldian baino 0,6 gutxiago. Autonomia erkidegoen artean nabarmentzekoak dira Gaztela eta Leon (2,6), Andaluzia (2,5), Galizia (2,3), Asturias (2,2) eta Valentzia (2,1). Lurralde Historikoei dagokienez, Gipuzkoarrek eta Arabarrek jaialdian izan duten presentziak pixka bat egin du gora, bertaratuen % 2,6 eta % 2 izan dira hurrenez hurren, 2014an baino 0,5 gehiago.   

 

(Parentesi arteko datuek 2014. urtearekiko aldea adierazten dute)

 

Hotelak eta ostatuak pozik

Kobetamendiko musika hitzordua gorriz markatuta dago hiriko hotelen eta ostatuen egutegietan.  Jende asko etortzen dela nabaritzen da Bilbon, eta erabateko okupaziotik oso hurbil ibili dira. Destino Bilbaok, Bilboko 25 hotel (2 eta 5 izar artekoak) biltzen dituen elkarteak, uztailaren 9an, 10ean eta 11n Bilboko hotelen okupazio maila % 94,3koa izan dela kalkulatu du. 2014ko edizioan erregistratu zena baino 5 puntu altuagoa da zifra, hain zuzen ere (2014an % 89koa izan zen).  Destino Bilbaok adierazi duenaren arabera, Bilboko ostalariak "poz-pozik" daude balantze horrekin eta "logela bakoitzeko batez besteko prezioak aurreko urteetan baino hobeak izan direla" aurreratu du. Ostatuetan, aldiz, % 95eko okupazioa erregistratu dute, egun horietan gazteriak bere egiten baitu hiria.

Ostalariak baikor

Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak esan du Bilbao BBK Liven ospakizunaren eraginez "sektorearentzat bereziki interesgarriak diren egun hauetan jarduera areagotu egiten dela". Tabernen eta jatetxeen elkarteak nabarmendu duenez, “egun hauetan agerikoa da bisitari kopuruak gora egin duela, edo, beste era batera esanda, elikagaien eta edarien gure zerbitzuen kontsumitzaile kopuruak gora egin duela”. Horrez gain, bere iritziz, ekimena lagungarria da sektorean “optimismo giro berezia” sortzeko, “konfiantza maila jakin bat ematen dio jaialdi baten etorkizunari, hain zuzen ere etorkizunean turismoa dela eta bisitari izan daitezkeen pertsona batzuen aurrean Bilbo eta lurraldea ezagutzera ematen dituen ekimenari”. Ildo beretik, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak babestu egin du erakundeek horrelako ekitaldiak ospatzearen alde egindako hautua, “elkarbizitza sustatzen dutelako, baita bertan gozatzea eta leku atsegin, garbi, mugitzeko eroso eta turistak hartzeko gaitasun bikainak dituen hiri gisa Bilboren irudia kanpora helaraztea ere”.

Balorazio ona merkatarien artean

Kobetamendiko hitzorduaren erakargarritasuna hiriko merkataritza sektorerako "oso positiboa" dela nabarmendu du Bilbao Dendak elkarteak. Arduradunek azaldu dutenez, epe laburreko eragina batez ere ostalaritzak jasotzen du, baina, nabarmendu dutenez, "jaialdiak irauten duen egunetan merkataritzak ere etekina lortzen du"; merkataritzaren sektorean gakoa epe ertainean dagoela ulertzen dute, "bertaratutako batzuen itzulkinarekin eta hiriak emandako irudi ona balizko bisitari berriei helaraztean sortzen den efektu biderkatzailearekin". Bukatzeko, merkatarien elkarteak azpimarratu du Bilbao BBK Live jaialdira etortzen direnak Bilbo hiriaren turismo erakargarritasunaren "enbaxadore handiak" direla.