Uda Bilbon emango duten Saharako eta Europa ekialdeko umeei harrera egin die alkateak

uriola.eus 2015ko uzt. 16a, 11:00

Uda Bizkaiko familiekin emango duten Saharako eta Europako ekialdeko umeei harrera egin die Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Itziar Urtazun Bizikidetza zinegotziarekin batera, Bilboko Udaletxean. 

Harrera Arabiar Aretoan izan da eta bertan, Euskadin Fronte Polisarioak duen ordezkaritzako kideak eta Chernobileko Umeak, Asociacion Chernobil, ACOBI eta Ukrania Gaztea elkarteetako ordezkariak egon dira. Saharar jendea babestuta dagoen Tindoufeko (Argelia) kanpalekuetatik eta Ukraina, Errusia zein Bielorrusiako umezurtzentzako zentroetatik edo egoera ahulean dauden familietatik heldu dira gazteak; guztira 78 ume.

Alkateak ongietorria eman die. Era berean, eskerrak eman dizkie aipatutako elkarteei egiten duten lanagatik, zein umeak hartzen dituzten Bilboko familiei, euren eskuzabaltasun eta elkartasunagatik.

Udalak bi hitzarmen sinatzen ditu aipatutako elkarteekin, ume eta gazte horiek garapen eta hazte-prozesu hobeak edukitzeko, erradiazio nuklearra duten aldeetan bizitzeagatik jasan behar dituzten ondorioei aurre egiteko eta muturreko klimetan, arreta bakoak edo desegituratutako familiakoak izanda afektu barik bizitzeagatiko ondorioei aurre egiteko. Hitzarmen hauen bidez, alde batetik, Fronte Polisarioaren ordezkaritzarekin 'Oporrak Bakean' programa indartu da. Hau 17 urte arteko saharar ume eta gazteentzat da. Bestetik, duela 6 urtetik hona Europako Ekialdeko umeak ekartzeaz eta familietan hartzeaz arduratzen diren elkarteekin ere hitzarmena sinatu da.

Bilbon dauden bitartean, umeak familietan egoteaz gain, aisialdi eta kultura-arloko hainbat jarduera dituzte, Bilbao Kirolak erakundearekin eta Azkuna Zentroarekin lortutako akordioa dela-eta. Gainera, familiak doan sar daitezke udal igerilekuetara eta, beste alde batetik, Euskal Herriaren eta Sahara, Ukraina, Errusia eta Bielorrusiaren arteko kultur trukea sustatzen da.