Udalak itxiera-zigorra ezarri die Barrenkaleko bi tabernari

uriola.eus 2015ko uzt. 21a, 14:20

Barrenkaleko 11 eta 14 zenbakietan kokatuta dauden lokalek bi eta hiru hilabetez itxita egon beharko dute, hurrenez hurren.

Bilboko Udalak itxiera-zigorra ezarri die Barrenkaleko bi ostalaritza-lokali hainbat arau-hauste larri egiteagatik, Ikuskizun eta Jolas Jarduerei buruzko 4/94 Legearen arabera.

Honela, eguenetik aurrera, uztailak 23, indarrean sartuko da Barrenkaleko 11. zenbakiko establezimenduari ezarri zaion bi hilabeteko itxialdia. Zigor hau, Autonomia Erkidegoko araudiak larritzat jotzen dituen bi arau-hauste egin izanagatik ezarri zaio: zuzeneko ikuskizuna (DJ emanaldia) egitea, horretarako gaitasuna ematen duen titulurik izan gabe, eta establezimendua dantzarako prestatuta edukitzea,  diskoteka bat balitz bezala, jarduera honi dagokion baimenik gabe. 

Tabernak irailaren 23ra arte itxita egon beharko du, baina ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke.

Bestalde, Barrenkaleko 14an kokatutako ostalaritza-lokalak 3 hilabeteko itxialdiari aurre egin beharko dio. DJ emanaldia tarteko zuten zuzeneko ikuskizunak baimen-titulurik gabe egin eta establezimendua dantzarako prestatuta edukitzeaz gain, diskoteka bat balitz bezala baina jarduera honi dagokion baimenik gabe, taberna honek larritzat jotzen den beste arau-hauste bat ere egin zuen, baimendutako aforoa gainditzeagatik.

Establezimendu honek berraztertzeko errekurtsoa jarri du Udalaren erabakiaren aurka, eta derrigorrezkoa da helegitearen inguruko ebazpena hartu eta jakinaraztea itxiera-data behin-betiko ezarri baino lehen.