Lander Etxebarria zinegotziak azaldu duenez, Udalbatzak, Udalaren organo gorena izanik, sarrera horiei eman behar zaien erabilpenari buruzko iritzia eman dezan aurkeztu du taldeak proposamena. Zentzu horretan Udalbatzak sarrera horiek interesa duten bilbotar guztien artean zozketatzearen al de egitea proposatzen du EH Bilduk eta, horrekin batera, udal gobernuari eskatzea, sarrerak zozketa ditzala eta udal webgunearen bidez erabiltzeko sistema bat era dezala.
Lander Etxebarriak azpimarratu duenez, proposamenak, halaber, euren arduragatik Udalak edo diruz lagundutako erakundeek antolatutako ikuskizun edo gertaera horietara joan behar duten zinegotzi nahiz beste kargudunen "arazoa" ere jasotzen du. Hori dela-eta, Udalbatzak zera eskatuko lioke udal gobernuari, "pertsona horiei agiri izendun bat eman diezaiela eta, Udalak diruz lagundutako erakundeek antolatutakoen kasuan, diru-laguntzaren baldintzetan jaso dadila agiri izendun hori emateko beharra".
Etxebarriak, hain zuzen ere, ezeztatu egin du "erosten edo jasotzen diren sarrerak ordezkaritza instituzionalaren beharra asetzen ari direnik, ez baitira izendunak", edozeinek erabiltzeko modukoak baizik, eta Udalbatza osoaren eta beste zenbait kargudunen artean banatzen dira, ordezkaritza instituzio soilak behar duen baino askoz ere kopuru handiagoan. "Ordezkaritza instituzionala bermatzeko bidea EH Bilduk aurkeztu duen proposamenean jasotzen dena da, agiri izenduna, doakoa Udalarentzat zein kargudunaren arabera erabili behar duen pertsonarentzat."
Zezenketarako sarrerak
Bestalde, Lander Etxebarriak ABurto alkateak zezenketetarako abonoen erosketei buruz egin duen iragarpena baloratu du. Alkatetak iragarri duenez, aurten erdia baino ez du erosiko Udalak. "Urrats bat" dela onartu arren, EH Bildu koalizioaren salaketa publikoaren ondorioz izan ere, ez dio nahikoa iritzi: "Erosten den kopurua hutsa izan beharko litzatekeelako eta, nolanahi ere, Udalak dituen sarrerak herritarren artean zozketatu beharko lirateke".