1. Aurtengoan, Jai Batzordeak Bilboko aktoreen lana aitortu nahi izan du. Zer deritzozu hautu honi eta zu pregoilari izendatzeari?
Primerako erabakia iruditzen zait! Beti gustatu zait aktoreen lana aitortua izatea, baina aurten, hainbat lagunek agur esan digutela, gehiago. Oso harro nago ni aukeratu izana 2015eko pregoilari izateko eta gainera, horrek gure lanbidea omentzeko balio badu… opari bikaina da.
2. Zelako pregoilaria izango zara?
Dena emango dut. Nire asmoa, egon beharreko leku guztietan egotea da, irribarretsu eta Aste Nagusiak dirdira egin dezan nire esku dagoena egiteko prest nago!
3. Pregoia nolakoa izango den pentsatu duzu? Zerbait aurreratzerik duzu?
Brometan ere ez!!! Etxean ere ez dut ezer aurreratu… pregoi dibertigarria, laburra eta zuzena eskaintzea espero dut. Baina ziur aldarrikapenak ez direla faltako.
4. Aktore izatea abantaila izango da zuretzat pregoia irakurtzerako orduan?
Bueno... baliteke buruz ikasterako orduan… edo jendaurrean hitz egiteko ohitura gehiago daukagulako aktoreek. Baina kontuan hartu behar da, momento horretan ez dudala babestuko nauen pertsonaiarik izango, ni neu izango naiz bilbotarrei zuzenduko dena.
5. Aurten zurea zein Oihanarena jantzi bereziak izango omen dira, aurreko urteetan baino freskoagoak. Zelan sentitzen zara jantzi berriarekin?
Jajaja... ondo sentitzen naiz. Bueno, ez da nire eguneroko estiloa, baina tira, bederatzi egun izango dira eta hori da eraman beharreko jantzia. Beraz, gustatu edo ez, hori da tokatzen zaiguna… aktorea eta horiz jantzita…
6. Aste Nagusiari aurre egiteko trikimailurik baduzu? zelan egingo diezu aurre bederatzi egun horiei?
Ahalik eta gehien deskantsatuko dut; ekintza asko ditugu aurretik eta guzti-guztietan egon nahi dute.
Imaginatzen dut ezingo dudala asko edan eta bitaminaren bat hartu beharko dudala… buf, ez dut horretan pentsatu nahi.
7. Zein da Aste Nagusian gustokoen duzun ekitaldi edo txokoa? Zein ekitalditan duzu parte hartzeko gogo gehien?
Aurten ekitaldi guztietan egon beharko dudalakoan nago! Jajaja… baina baliteke, Basurtuko ospitaleko umeei egingo diegun bisitak eragiten didala zirrara gehien.
8. Oihana Pascual txupinerarekin batera jai giro polita sortuko duzuelakoan zaude?
Aurkeztu gintuzten egun beretik kimika berezia dago gure artean. Nik esango nuke datozen urteetan zaila izango zaiela gainontzeko bikoteei aurtengoa hobetzea.