Euripean ekin diote bilbotarrek Aste Nagusiari, hala ere, jendetza bildu da Arriagan urtero legez. Gurutze Beitia aktoreak pregoi txalotua eskaini du; Aste Nagusian eraso sexistek lekurik ez dutela argi utzita eta aurten agur esan diguten hainbat aktore gogora ekarriz; besteak beste, Alex Angulo eta Aitor Mazo bilbotarrak. Era berean, Bilbok dituen ohiturak eta berezitasunak goraipatu ditu, Athleticen azken garaipenari keinu eginez ere.
Ondoren, Oihana Pascualek, Txomin Barulloko konpartsakideak txupina jaurti du eta Arriagako plazan bildutako lagunek eta konpartsek festari ekin diote Marijaia balkoira atera eta berehala.
20:00etan, Marijaiarekin batera, konpartsek txosnak ireki dituzte eta dagoeneko jai giroa da nagusi Areatzan eta Bilbo osoan.