Areatzakoa ez ezik, Nerbioaren bederatzi zubiak (nik bederatzi zenbatu ditut) Sanantonetik Euskaldunakora eta inguruko kaleak jendez betetzen ari dira. Zenbat mila? Ikus datu hori prentsa arruntean Uriola beste kontu bat delako. Ia hiri osoko trafikoa gelditzen da une horretan oinezkoari tokia uzteko behingoz. Ohohohohohohak! eta esku zartak, zerbait berezi edo ikusgarri zeruratzerakoan. Atzokoan madrildarra, gaur valentziarrak eta horrela zortzi egunez Astondoa bizkaitarrek azken argi zaratatsuak eman arte. Aste Nagusiko 400 ekitalditik jendetsuena dela diote. Agian dohainekoak direlako. Lasai! Ia beste denak, kontzerturik onenak eta abar ere, DOHAINIK direla.
Herrietatik hirira
Asko eta asko dira Bizkaiko herrietatik Bilboko Aste Nagusira hurbiltzen direnak gaurkoan. Antzina, antzina, nire auzokide batek esaten zuen bezala. “Urriko azken astelehena domekaz denean, egun guztirako, bazkari eta guzti, joango naiz Gernikara” Aste Nagusiaren lehen igandea denez antzeko zerbait egitera hurbilduko dira zenbaitzuk. Ez dira aspertuko, ez. Telebistan ikusi beharrean itsas adarrera hurbilduko dira zenbait traineru estropada ikustera. Ni neu, 11.00etan Euskal Museoko atarira joango naiz Erraldoien lehen irteera ikustera. Iruñatik azken 30 urtez datozen gaitero lagunak agurtu eta munduan diren erraldoi bitxienetarikoak ikustera. Gutxi batzuk kaleratzen dira eta gainontzekoak ikus nahi dituenak Museora sartzea du. Arenaleko kioskoan bandaren kontzertu zatitxo bat entzun eta Santiago plazara abiatuko naiz. Igor eta Egaña, beteranoak ahal dutena irakasten, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin-i. Talde bikaina, baina lasai, zortzi egun jarraian lehen mailako 30 bertsolari igoko direlako Santiago plazako oholtzara. Barikuan ezik. Orduan mahai bueltan izango direlako, bertso bazkarian, Unai Iturriaga eta Amets txapelduna. Toki ederra Santiago plaza, bertsoetatik jarraian poteo txikia egiteko Zazpi kaleetako gune horietan, bazkaldu aurretik.
Niretzat nahikoa dut siestara joatea, iluntzean kaleratu beharko dudalako. Plaza Berrira jiratxoa Larrain dantzaz izerdi apur bat botatzera. Aipagarri, zentzu honetan, euskal folklorearen presentzi ikusgarria, Aste Nagusi hauetan ikus dezakeguna. Berriro, eguneroko bokata horren bila txosnetara, suari denbora eman eta Pergolara noa. Ea “Bilbao La Nuit/Asier Bilbao Show” zeri deitzen dioten. Ikusmina ireki dit. Akaso, suaren tarte horretan Bilboko zabalgunetik tragoxkaren bat eginen dugu. Aste Nagusia ez delako Zazpi Kaletan hasi eta Areatzako zubian bukatzen. Astea Nagusia da eta Bilbao handia. Gaur arratsez, Athletic zale guztiekin topo egiteko arriskua egon arren. Kontatuko dizuet zer den ‘Bilbao La Nuit’ hori. Gustuko ditut holako ikuskizunak.