Aste Nagusia 2015

Aste Nagusian ozen entzun da Askapeñaren aldeko aldarria

Askapeña konpartsa 2015ko abu. 31a, 10:31

Abuztuaren 27an, osteguna, Bilboko Aste Nagusiaren baitan, internazionalista eguna ospatu zen, Mekauen eta Askapeña konpartsa internazionalisten eskutik.  

Internazionalista egun honek inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen du, Askapeña konpartsaren aurkako ilegazazio eskaeraren aurrean, internazionalismo eta indar handiagoz erantzuteko garaia baita. Eta hala egin genuen! Bazkarian 400 pertsona batu ginen eta egun guztian zehar Bilboko kaleetan ozen entzun zen: peña peña peña, Askapeña!

Ekitaldian Askapeña konpartsa internazionalistaren 24 urteko ibilbidea oholtzan presente izan zen, belaunaldi ezberdinetako kide eta kamisetekin. Txikiak izanik ere gauza handiak egiteko konpartsak beti izan duen indarra azpimarratu zuten, eta gaur egun txosnagunea, jai eredua bera, feminista, euskaldun, parte hartzaile eta nola ez internazionalista izateko beraien konpromisoa.

Komite Internazionalistako kideek ere, beste behin ere, beraien babes eta elkartasuna adierazi zioten bai auziperatu, Askapeña eta Askapenako kideei. Urte luzeetan zehar bidelagun izan gara, hamaika bilera, eztabaida eta elkarlan izan ditugu eta aurrerantzean ere hala izango dela azpimarratu zuten.

Auziperatuek hartu zuten hitza jarraian. Gabi Basañezek Xabier Amurizak Pakito Arriarani idatzitako bertsoa abestu zuen:

"Euskaditik mundura, mundutik euskadi

Pakito Arriaran gure aintzindari.

Hango eta hemengo iraultzaile haundi,

oroituko duguna itsasoaz gaindi".

Unai Vazquez kideak argi azaldu zuen harro daudela beraien borroka internazionalistaz eta dei egin zion euskal jendarteari, euskal herritarrak behin eta berriz epaitzen dituen audientzia nazionala desmontatzeko borrokara lotzea, epaiketa politikoekin behingoz amaitzeko. Honela, Herriak Libre dinamikatik, epaitzen gaituzten arrazoi berberengatik, irailean herri epaiketetara batu eta espainiar estatu inperialista epaitzera dei egin zen.

Ekitaldia amaituta, festa alde zaharreko kaleetan zabaldu zen eta iluntzea, Havana 537 eta Norte Apacheko kideen erritmora karpagunea dantzan jarri zen.