Assemblea Nacional Catalanak "herri katalanak bere etorkizuna libreki erabaki eta berdintasunezko errepublika justu, solidario eta anitza era dezan" euren solidaritatea eta babesa erakutsi nahi duten hiritar guztiak deitu ditu datorren irailaren 8an Bilboko Done Bikendi kalean 19:00etan egingo den ekitaldira. Hiru puntero handi osatzeko helburua dute, zuri, gorri eta berdea.
Halaber, agerraldia bukatu ostean, Kafe Antzokian Euskal Herriko eta Països Catalanseko errealitatea ondo ezagutzen duten Martxelo Otamendi eta Vicent Partalen arteko solasaldira gonbidatu dituzte hiritartak. '18 meses (y tres semanas) para la independencia de Catalunya. Una conversación entre Martxelo Otamendi y Vicent Partal' izenburupean, Katalunian irailaren 27an egingo diren hauteskunde plebiszitarioek irekiko duten jokaleku politiko berriaren aurrean dituzten itxaropenak partekatuko dituzte bertaratuko diren guztiekin.
Euskal Herriko Assemblea Nacional Catalanak
Bartzelonan, irailaren 11n, "euskaldunen hitzordua"
Diadan elkarturik parte hartzeko aukera eskaini die gaur Plaza Barrian eginiko agerraldian Independentista sareak irailaren 11n Katalunian izango diren "euskal herritar guztiei". Helburu horrekin hitzordua antolatu du Bartzelonan, 'euskal tramoa' deiturikoan, "denak batera izateko Meridiana etorbideko 65. tramoan". Ferran Reyes plazan, hain zuzen ere, 15:00etan.
Herritar katalanekin bat egiteko proposamena da. Txutxi Ariznabarreta eledunak azaldu duenez bat egiteak hainbat helburu ditu, besteak beste, "herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea; espainiar Estatuaren jokabide antidemokratikoa, ukatzailea eta inposatzailea salatzea; eta independentziaren aldeko oihua lau haizetara zabaltzea".
Inoiz baino katalan eta euskaldun gehiago Diadan
Aurtengo Diadak "egundoko garrantzia" du Ariznabarretaren arabera, batik bat, irailaren 27an izaera plebiszitarioa duten hauteskundeengatik. Bartzelonan irailaren 11n "izugarrizko eztanda independentista izango da. "Are gehiago Madriletik jadanik martxan jarri diren jazarpen eta errepresio neurri eta erasoen aurrean".
Jendetza espero da Bartzelonan, eta horietako lagun batzuk euskal herritarrak izango dira. Iaz baino euskal herritar gehiago izango direla Bartzelonan uste du Independentista sareak, irailak 11 ostirala izanik, askok asteburu pasa Katalunian egiteko aprobetxatuko dutelako. "Baita Kataluniako prozesuak bizi duen une oso erabakiorrak animatuta ere". Euskal herritar "mordoa" eta euskal ordezkaritza "inportantea" aurreikusi dute: "Oso barneratuta ditugun sentimendu eta gogoak kaleratu eta herri katalanarekiko elkartasuna eta konplizitatea adierazteko garaia da. Katalanek bere prozesu independentistan egiten ari diren urratsak eta lortzen ari diren garaipenak gureak ere badirelako, neurri handi batean".