Bilbo 'aterpe-hiri' izateko prest agertu da Udala

uriola.eus 2015ko ira. 4a, 13:27

Baliabideak jartzeko eta errefuxiatuak artatzeko konpromisoa azaldu dio Bilboko Udalak errefuxiatuen krisialdiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak eratu duen batzordeari.

Udalberrik eta Goazenek duela bi egun adierazi zuten gatazketatik ihesi ari diren errefuxiatuak Bilbon hartzeko aukera azter zezala eskatzekoak zirela udal gobernuari hurrengo Udalbatzako bilkuran. Aburtoren gobernuak bilkurara itxaron gabe, errefuxiatu siriarrei aterpea emateko borondatea azaldu du.

Gaiaren eskuduntza Europar Batasunak eta estatu kideetako gobernuek dute. Horregatik jarri da Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekin, Estatuak arlo horretan hartutako konpromisoen berri izateko.

 

Irailak 12, errefuxiatuen aldeko nazioarteko eguna

Agintarien geldotasuna salatu dute errefuxiatuen laguntzarako antolatzen ari diren herri mugimenduek. Horren adibide da sare sozialen bitartez zabaltzen ari den ekimena. Irailaren 12an Europa guztiko pertsonak deitu dituzte errefuxiatuei ongietorri jaiak prestatzera edota konboiak antolatzera. 

[2015-09-03] Bilbo errefuxiatuentzako 'babes-hiri' izateko eskakizuna egin dute Udalberrik eta Goazenek