"Espainiako Estatu inperialistaren" aurkako Bilboko herri epaiketa urriaren 2an izango da

uriola.eus 2015ko ira. 7a, 11:36

"Ez dugu onartzen estatu espainiarrak euskal internazionalistak eta euskal eragile internazionalistak epaitzea". Horrela adierazi zuten bai joan den uztailean bai joan den larunbatean Herriak Libre dinamika osatzen duten auziperatu, militante internazionalista, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekintzaile eta herri mugimenduko kideek. Euskal Herrian zein nazioartean antolatu diren 30 herri epaiketa iragarri dituzte, tartean dago -urriaren 2an- Bilbokoa ere. Datorren urriaren 12an Iruñean emango dute herri sententziaren berri.

Urriaren 19an bost euskal militante internazionalista, Walter, David, Aritz, Unai eta Gabi, akusatuen aulkian eseraraziko ditu espainiar Estatuak. "Horrekin aski ez", eta mahai gainean Askapena, Askapeña eta Elkar Truke elkarteen ilegaliazio eskaerak mahai gainean jarri ditu. "Guztiak ere, gure herrian elkartasun internazionalista lantzeagatik epaituak".

"Amaierarik ez duen kate luze hau behingoz eteteko asmoz, gidoiak irauli eta epailea epaitzeko lizentzia harturik gatoz. Urte luzetako ukazio eta zapalketen ostean, gu geu izango gara, herria izango da espainiar estatu inperialista epaituko duena", iragarri dute.

"Espainiar estatu inperialista epaitzera goaz Euskal Herriaren aurka urte luzeetan egindakoagatik, naziorik gabeko gartzela den estatu hau mantentzeagatik, Saharar herriaren ukazio eta zapalketan duen erantzunkizunarengatik, OTANeko kide izateagatik, Abya Yalan edo latinoamerikan egindakoagatik eta egiten ari denagatik".

Euskal Herrian hauek dira herri epaiketak antolatu dituzten herri eta hiriak.

- Irailaren 6ean Mendillorrin

- Irailaren 12an, Zizur eta Antsoainen

- Irailaren 19an Urretxu, Txantrea, Donibane eta Elorrion

- Irailaren 20ean Laudion

- Irailaren 26ean Iruñeko alde zaharrean, Tutera, Gares, Lizarra, Lesaka, Donostia, Arrasate, Agurain, Arabako mendialdean

- Urriaren 2an Bilbon

- Urriaren 3an Ordizia, Irun, Zarautz, Barakaldo, Algorta, Galdakao, Gasteiz, Sakana eta Atarrabian

- Urriaren 10ean Nabaskoitze eta Tafallan

 

Herriak Libre dinamikak animatu egin ditu gainerako herri eta hiriak parte hartzera, eta "zuek ere herri epaiketak antolatzera". Horretarako bitarteko ezberdinak prest ditu lantaldeak lotura honetan edota, bestela, herriaklibre@gmail.com helbidea jarri du interesa izan dezaketen eskura.

Nazioartean ere

Euskal Herrian bezala, "beste hainbat herri solidariok ere Espainiar Estatua aurkako herri epaiketak" egiteko konpromisoa hartu dute:

- Irailaren 11ean Herialde Katalanak eta Bretañan

- Irailaren 13an Parisen

- Irailaren 20ean Malagan

- Irailaren 25ean Madrilen

- Irailaren 26ean Argentinan

- Italian pasa den abuztuaren 26 Brescian herri epaiketa bat burutu zuten eta hurrengoa irailaren 24ean izango da.

 

Epaia

Urriaren 12an, "inperialismo espainiarraren egunean, hispanitatearen egunean, lehenago arrazaren eguna deiturikoan, Euskal Herrian zein nazioartean egindako epaiketa guzti hauek oihu bakarrean batuko ditugu, herri sententzian. Irmotasun eta duintasun betean urriaren 12an Iruñean batuko gara, zapi laranjak jantzi eta oinetakoak eskutan. Honela, eguerdiko 12etan Antoniutitik hasita Herri Libreen Martxa burutuko dugu, herri bezala, internazionalista bezala, gainerako herri zapalduekin batera, behingoz, inperialismo espainiarraren aurrean herriak libre izan gaitezen".

Ondoren, Nabarreria plazan "musika eta sorpresa ugariz" beteriko egitaraua antolatu dute, "dantzatzen duen herri bat ez baita inoiz hilko!".

 

askapena.org

@Askapena

 

[2015/08/31] Aste Nagusian ozen entzun da Askapeñaren aldeko aldarria

[2015/08/26] Askapeña konpartsa, jaiez, internazionalismoaz eta epaiketez

[2015/08/07] Jabier Ruiz eta Pedro Castillo, Askapeña: "Jaia ez dago desagertzerik"

[2015/04/23] Askapeña konpartsa: "Egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea da"

[2015/04/20] Askapeña konpartsa babesteko dei bateratua egingo dute jai herrikoetako eragileek