Sinadura bilketa abian jarri duen Asier Martinezen arabera, Iñigo Cabacas oroitzeak "ez du indarkeriarik sustatzen Athleticeko zaleen artean, ezta aurkari dituzten taldeetako zaleen artean ere".
Futbol Liga Profesionaleko Indarkeriaren Aurkako Batzordearen debekua "egia balitz" -Cabacasen aldeko ikurrak zelaira sartzeko debekua- Athletic Clubak "oker hori argitu behar du", Martinezen eta proposamena babestu duten ia 1.000 lagunen eskariz. Are gehiago, batzordearen ezezkoaren aurrean, Athleticek "ez dio jaramonik egin behar debeku horri, eta konfiskatuak izan ziren banderolak sartzen utzi behar die zaleei; legea ez baita justiziaren sinonimo".
Athletici eskakizun zehatza egin dio Asier Martinezek, "Iñigo gogoratzen utz diezaiela nahi duten zaleei", "edozein delarik debekuaren arrazoia", eta beharrezko balitz, "agindua bazterrean utz dezala".
Hiru egunetan babes handi jaso du eskariak Interneten. Ia 1.000 sinadura. Ekimenak ez du helburutzat "errudunak aurkitzea", "Iñigoren bigarren etxean, San Mamesen, familia zurigorria osatzen duen edozeini gerta ziezaiokeen gertaera tragikoa oroitzeko aukera izatea" baizik.