Udalak urtebetean ez du ostalaritzako lizentzia berririk emango Zazpikaletan

uriola.eus 2015ko ira. 9a, 12:39

"Hausnarketarako aldia" zabaldu du Bilboko Udalak "hiri-garapen orekatua bultzatzeko". Hori dela eta, urtebetean ez du ostalaritzako lizentziarik emango Zazpikaleen Berregokipenerako Plan Berezian aldaketak tramitatu arte. Pozik hartu du neurria EH Bilduk "komertzio txikian eragindako triskantza gelditzen" duelako.

Zazpikaletako eguneroko hiri-paisaia osatzen duten jardueren ezarpen-prozesua eta azken urteotako inguru soziourbanistikoaren bilakaera aztertu ondoren hartu du erabakia Gobernu Batzordeak. Izan ere, bilakaera horren ondorioz, "aldaketa handia" gertatu da uriko gune historikoan eta espazio publikoaren erabileran, Asier Abaunza Higirintza zinegotziak jakinarazi duenez. 

 

Zazpi Kaleak: "berealdiko bilakaera" 2008-2015 bitartean

Azken zazpi urteotako krisialdiak eta Europako zuzentarauek ezarritako "desregularizazio prozesuak" Zazpikaletan "berebiziko bilakaera eragin dute", uriko beste gune batzuen aldean.

Historian zehar merkataritzaren alorreko gune sendoa izan da, batik bat ehun-gaien eta oinetakoen txikizkako merkataritzan. Alabaina, Bilbao Ekintza eta Surbisa sozietateek egindako azterlanaren arabera, Zazpikaleen bilakaera "ez da izan orekatua": alde batetik, gorakada esanguratsua gertatu da ostalaritzan eta, bestetik, beherakada nabarmena 'txikizkako merkataritzan', azken urteotan "uriko gainerako aldeetan izandakoaren hiru halakoa", hain justu.

Hortaz, 2008tik 2015era bitartean ostalaritzako 36 lokal gehiago zabaldu dira Zazpikaletan, hau da, krisia hasi aurretik zeuden lokalak baino %15,2 gehiago. Bestalde, txikizkako merkataritzako %11,3 lokal gutxiago daude (79 lokal gutxiago), Bilbo osoan izan den beherakadaren hirukoitza.

Era berean, uriko merkataritzako jarduera osoaren aldean ostalaritzako lokalen pisuaren bilakaerak antzeko parametroetan eutsi badio ere, 2008tik 2015era bitartean, %30,34tik %30,54ra pasatuta, Zazpikaletan ostalaritza izan da gora gehien egin duen sektorea, %25,24tik %30,47ra. Bien bitartean, ostera, ehun-gaien eta oinetakoen sektoreak, historikoki garrantzitsuenak, bigarren mailan geratu dira. Eboluzio hori dela eta, ostalaritzak pisu berbera erdietsi du Zazpikaletan eta uriko gainerako aldeetan eta, aldi berean, "aldaketa sakonerako joera agertzen da orain arte alde horren ezaugarri izan den merkataritzako 'mixan'". 

 

Arautegiaren aldaketa ingurumena eta eraberritze urbanistikoa aintzat hartuta

Aztertutako datuen arabera, "ereduaren aldaketara daude bideratuta Zazpikaleetako erabilera urbanoak". Bilakaera hori ez letorke bat Berregokipenerako Plan Bereziaren helburuekin; izan ere, plan horretan jasota dagoenez, alde horretan merkataritzako jarduera litzateke nagusi eta jarduera ekonomikoa, berriz, funtsezko elementu auzoaren dinamizazioan.

Gainera, Zazpikaletako erdigunea osatzen duten kaleetan "ostalaritzako lokalak pilatzeak –kaleotako ia %40tan ostalaritzako lokalak bestelakoak baino %25 gehiago dira- inpaktu bisualean ez ezik, espazio publikoaren erabileran ere izan ditu ondorioak; auzotarren arteko bizikidetzan ere bai, ostalaritzako jardueraren erabiltzaile zenbaiten jokamoldea dela eta".

Arautegiaren aldaketa "ingurumenaren iraunkortasunean eta eraberritze urbanoan oinarrituta egingo da, Berregokipenerako Plan Bereziak babestutako hiri-ingurunearen kalitatearen ezaugarri izan diren erabileren eta jardueren konbinazioaren bilakaera iraunkorra eta orekatua bilatze aldera".

EH Bildu "pozik" komertzio txikian eragindako "triskantza gelditzeagatik"

Hirigintza zinegotzi Asier Abaunzak gaur emaniko datuek EH Bilduk 2012az geroztik "defendaturiko jarrera eta ostalaritzaren saturazioa amaitzeko planteaturiko ekimenen beharrezkotasuna berretsi dute", Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramailearen iritziz.

"Zinez" poztu da EH Bildu "PNV-PSOEko udal gobernuak jarrera zuzendu, eta 2010ean onarturiko Ostalaritza Ordenantzak Zazpikaletako saltoki txiki eta ertainei eragindako triskantza amaitzeko erabakia hartu duelako".

'Moratoria', "behin eta berriro" Alde Zaharra Bizirik plataformak eskatu duen bezalaxe, "berandu iritsi da". Ibaibarriagaren arabera, "saltoki askok itxi behar izan dute pertsiana azken hilabeteetan, eta azken asteetan ere".

Era berean, Zazpikaletaz gain, Bilbon "badira beste zona batzuk" ostalaritzaren "gehiegizko maila" dutenak. Hori dela eta galdegin dio EH Bilduk udal gobernuari "moratoria eremu horietan ere ezartzeko". Bilbo erdialdean, esaterako.

Halaber, Uri Zaharraren Berregokipenerako Egitamu Berezia eta Ostalaritza Ordenantza aldatzeko epe laburrean abiatuko den prozesuan "parte guztien ekarpenak jasotzeko bideak ezartzeko" exijitu die EH Bilduk gobernuko bi alderdiei.