Joan den martxoan Bilbo eta Iruñean 'Aldaketa soziala orain! Tenemos alternatibas' lelopean manifestazio koloretsu eta partehartzaileak burutu ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik sustatuta. Orain, kartako partaideek "beste erronka handi" bat dute esku artean: 'Alternatiben Herria' antolatzea. 70 eragile ari dira sarean lanean urriaren 24ko Bilboko hitzordua prestatzen.
Egun osoko egitaraua aurrera ateratzeko "ezinbestekoak" dituzte norbanako eta taldeen ekarpenak. "Egin den apostua oso garrantzitsua izanik", laguntza ekonomikoa eskatu dute antolatzaileek: "Ekarpen ekonomiko xumea egitea nork bere kapazitatearen arabera".
Atxikimenduak
Asko eta asko izan dira 'Alternatiben Herria' egitasmoari atxikimendua eman diotenak Interneten. Bai norbanakoak bai taldeak. Ia 1.000ra iristeraino.
Atxikimendua emateko:
alternatibenherria.eus/manifestua-atxikimenduak/norbanakoak
alternatibenherria.eus/manifestua-atxikimenduak/eragileak
Manifestua: 'Alternatiben Herrian sistema aldatzera goaz'
Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da. Horixe irudikatzeko asmoz datorren 2015eko urriaren 24ean Alternatiben Herria ospatuko dugu Bilbon,Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak proposatuta eta Parisko COP21n aurrean 10, 100, 1.000 Alternatiben Herri antolatzeko deiari erantzunez. Aldarrikapen eta ospakizun eguna izango da, egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikien erakusleihoa.
Ekimen honen helburu nagusiak hauek dira:
•Euskal Herriak herri gisa alternatibak badituela zabaltzea eta beste eredu sozial hori zehazten hastea.
•Euskal Herriko Mugimendu Sozialaren kohesioan urratsak egitea.
•Trantsizio sozial eta ekologikoa lortze bidean, gizartearen aktibazio eta mobilizazio beharra azpimarratzea, eta horretarako gonbita egitea.
•Alternatiben Herriaren ondoren alternatiba horiek guztiek elkarlanean jarraitzea.
Gure bizitzak eta amalurra mehatxupean daude: desberdintasunak areagotu dira, kapitalak arpilatutako aberastasun soziala, klima aldaketa, eskubide sozialak ahuldu dira, bazterketa soziala goraka doa, natur baliabideak xahutzen ari gara, zerbitzu publikoak pribatizatzeko irrika, orden patriarkala indartzea, gure kabuz erabaki eta antolatzeko ahalmena galtzea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezina… Eta honen aurrean soluzio faltsuak bakarrik eskaintzen ditu kapitalismoak.
Baina dei hau egiten dugunok alternatibak ditugula eta jada martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu behar dena. Horregatik pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria aldarrikatzen dugu. Ongi bizitzeko, pertsonen zein herrien premiak asetzeko, gure buruak eta planeta zaintzeko, nagusi den sistema bera aldatzeko.
Alternatiben Herrian 6 ardatz egongo dira, 6 auzotan banatuta. Ekonomia eredua, natura, bizitzaren iraunkortasuna, aniztasuna, ondare komuna, eta demokrazia, burujabetza eta parte hartzea. Ardatz hauetan dozenaka alternatiba ikusaraziko ditugu: ekonomia sozial, solidario eta eraldatzailea, elikadura burujabetza, ekonomia feminista, kontsumo arduratsua, prozesu parte hartzaileak, aniztasunaren kudeaketa…
Parada ederra daukagu bizirik gaudela adierazteko eta alternatibak ditugula erakusteko.
[2015-06-11] 'Alternatiben Herria' bihurtuko dute Bilbo urriaren 24an