Jarduera-kopurua ez da handitu. 2014/2015 ikasturtean 77 baziren, 2015/2016 ikasturte berri honetan berriz, 69 dira. Bilbao Kirolak eskaintzen dituen ikastaroetan izena eman nahi dutenek urriaren 10era arte izango dute aukera.
Erabiltzaileen artean arrakasta izan duten jarduerak mantendu egingo dira: Krossingfit, Zumbinga, Umeentzako igeriketa eta Gym Hipogresiboa.
Jarduera eta eskaintza berriak
Hiribilduko hamar kiroldegietako –Artxanda, Atxuri, La Casilla/Etxetxua, Deustu, Miribilla, La Peña, Errekalde, San Ignacio, Txurdinaga eta Zorrotza– sala eta pistetan dagoeneko arrakastatsuak diren jarduerak eskainiko dira; besteak beste, fitnnessa, pilatesa, padela, aerobica, mantentzeko gimnasia, zumbinga, tenisa edo gimnasia erritmikoa. Bestalde, jarduera berriak ere egin ahal izango dira, hala nola, Cardiopilatesa, Gym Hipogresiboa + inestableak, Pilatesa + Hipogresiboak, Zumbing familiarra, Umeentzako Zumbinga edo Coreodancea...
Atxuri, Deustu, Miribilla, Errekalde, San Inazio, Txurdinaga eta Zorrotzako kiroldegietako igerilekuetan 5.206 plaza eskainiko dira 11 jarduera desberdinetarako.
Gainera, kirol egokiturako, multikirola, psikomotrizitatea edo joga bezalako 16 jardueretarako alegia, 374 plaza gorde dira.
Euskaraz 23 jarduera
Ikasturte honetan eskainiko diren 69 jardueretatik 23 euskara hutsez izango direla iragarri du Bilbao Kirolak erakundeak eta, "egunero euskara erabiltzen dutenen aldeko apustua" berresteko, begirale guztiak "erabiltzaileei euskaraz zein gaztelaniaz zuzentzeko gai direla" adierazi du.
Informazioa
Ikastaroen tarifak, bai abonatuentzat, bai abonatuak ez direnentzat eta ikastaroen katalogo osoa – euskaraz eta gazteleraz – hurrengo webgunean kontsultatu daitezke: www.bilbaokirolak.com. Hala, interesa duten guztiek udal kiroldegi bakoitzaren eskaintza ere kontsultatu dezakete.