Gizarte laguntzen onuradun diren familiak "ustezko iruzurren erantzule jotzeko kanpaina" salatu nahi izan dute Bizkaiko hainbat eragilek Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Lanbidek kudeatzen dituen laguntzen jasotzaileak "kriminalizatu, erruduntzat jo eta jazartzen dituelako".
Eragileek adierazi dutenez, "iruzur fiskala ikertu ordez, krisi ekonomikoa pairatzen duten familia kaltetuak bihurtzen dira Eusko Jaurlaritzaren gizarte politiketako jazarpen eta doitze sistemen lehentasun".
Adibidetzat jarri dute Lanbidek eskatuta Polizia Nazionalak atxilotu zuen lagun baten kasua. DBE (RGI) jasotzeko beharrezko diren dokumentuak faltsutzea leporatu zioten. Berriki eman den epai batek artxibatu du kasua dokumenturik ez zela faltsutu ziurtatzean. "Epaia eman arren, Lanbidek, egoera are gehiago okertzeko, lagun horri ez dio DBE laguntza itzuli, laguntza jasotzeko eskubidea duenean".
Atxiloketa hark oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Epaitegiaren erabakia ezagutu denean, berriz, "Bizkaiko prentsan ez zaio publizitate bera eman kasuari", kexatu dira eragileak. "Jarrera horrek argi erakusten du erakunde batzuk duten intentzio nabarmena gizarte laguntzen onuradunak kriminalizatzeko. Praktika horrek gizartearen aurrean zuritu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, krisi ekonomikoak kaltetutako milaka familiaren eskubideak murrizten dituzten egungo politikak".
Gaurko protestaldian parte hartu dute: Argilan, Argitan (Centro Asesor de la Mujer de Barakaldo), Asamblea Abierta en Defensa de las Prestaciones Sociales, Asociación de Trabajadoras de Hogar de Bizkaia, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos eta SOS Racismok.