Hilabeteren faltan, 'Alternatiben Herria'-ren aurrerapena izango da ostegunean

uriola.eus 2015ko ira. 21a, 09:55

Dozenaka eragilerekin batera, "eta urriaren 24ko egun txiki-handi horretarako hilabete falta denean", irailaren 24an (ostegunean) zuzeneko irratsaioa egingo dute 97FMko lagunek Mallonako galtzadetako estudioetatik eta Unamuno plazatik, bertaratuko diren mugimendu, eragile eta kolektibo ezberdinekin eskuz esku, 17:00etatik aurrera.

Urriaren 24an 'Alternatiben Herria' ospatuko da Bilbon. "Merkatuen logikoaren gainetik, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzen duten alternatibak" bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Egun osoko egitaraua antolatu dute Bilboko Areatza eta Zazpikaletan zehar egongo diren sei auzotan banatuta: ekonomia eredua, natura, bizitzaren iraunkortasuna, aniztasuna, ondare komuna eta demokrazia, burujabetza eta parte hartzea bezalako gaiak jorratuko dituzte. Bilbo erdigunea "hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez" bete nahi duen proiektua da.

 

Aurrerapena

Ostegun honetan, irailak 24, 17:00etatik 20:00etara, 'Alternatiben Herria'-ren aurrerapena egingo du talde motorrak Unamuno plazan. Hainbat eragile eta kolektiboetako partaideek 97FMko lagunekin batera emango dute 'Alternatiben Herria' egitasmoaren berri. Azoka eta animazioa ere izango dira.

Diru bilketa

'Alternatiben Herria' egitasmoak izango dituen gastuei aurre egiteko antolatzaileak diru bilketa jarri dute martxan, crowdfunding kanpaina erraldoia abiatuta. Lantaldeak urteak daramatza alternatibak lantzen, eta “guztion laguntza” eskatu dute orain.

 

@alterherria

[2015-09-15] "Alternatiba egiteko" crowdfunding kanpaina erraldoia abiaraziko dute

[2015-09-10] 1.000 alternatiba izatetik gertu

[2015-06-11] 'Alternatiben Herria' bihurtuko dute Bilbo urriaren 24an