Proba honetan hiru modalitate daude, Maratoia, 42 kilometroko ibilbidearekin, Maratoi Erdia, 21 kilometrorekin, eta Pirata Lasterketa, 10 kilometrorekin. Gutxi gorabehera 10.000 atleta bilduko dira hirian, eta haietatik 4.000 Bizkaia kanpotik etorriak.
Guggenheim Bilbao Museoa izango da, urriaren 17an (larunbata), 20:30ean, estatu osoan gauez egiten den maratoi bakarraren abiapuntua. Horixe da haren ezaugarri erakargarrienetako bat parte hartzaileentzat eta ikusleentzat, eta arrakasta izateko bermea ere bai. Ibilbidea asfaltoan zehar doa erabat. Bi bira berdin egingo ditu, 21,097 km-koak. Lasterketak hiriko kale nagusiak zeharkatuko ditu eta eraikinik enblematikoenen ondotik joango da: Euskalduna jauregia, Arriaga antzokia, udaletxea, Isozaki dorreak eta Calatrava zubia, besteak beste.
3.000 gau-emate baino gehiago
'EDP Bilbao Night Marathon' hitzordu finkoa da Bilboko kirol programazioan. Horrela, hiriak "bere markaren nazioarteko proiekzioa indartzen duten eta turismoaren eta kirolaren kudeaketa-eredu gisa daukan kokapena bultzatzen laguntzen duten jarduerak antolatzeko eta indartzeko apustua egiten du". 3.000 ostatu-gau baino gehiago egotea espero da; beraz, ekitaldi honetan kalkulatzen den inpaktu ekonomikoa 1,5 miloi eurotik gorakoa da.
Probaren aurkezpen-ekitaldian, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko zinegotziak eta Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kiroleko zinegotziak kirol ekitaldi handiak hirian hartzearen garrantzia azpimarratu zuten, "horrelakoek hiriari dirua bueltatzen diotelako". Iñigo Elarrek, ekitaldiaren antolatzaileak, bestalde, edizio honetarako aukeratu den leloa nabarmendu zuen: "#RUNJOYBILBAO". Esaldi hori "gonbidapena da herritar guztientzat eta lasterketan izena eman duten pertsona guztientzat, kirola, dibertsioa eta ikuskizuna konbinatzen dituen proba batez goza dezaten".
Exporunning, Euskalduna Jauregian aurten
7. edizioarekin batera, 'Exporunning Bilbao' egingo da, "Bilboko gaueko maratoiarekin batera antolatuko den ekimen bakarra". Kirolaren zaleentzako eta profesionalentzako topagune bat da, lasterkariei produktuak eta zerbitzuak sustatzeko zein saltzeko eta aholku baliagarriak emateko aukera izango da, baita sor daitezkeen bezeroek produktu eta zerbitzu horien aurrean duten erreakzioa ondo ezagutzeko ere. Hau da, edozein markaren marketin-estrategia aurkezteko eta sendotzeko modua izango da.
Azokako ateak irekita egongo dira runningaren mundua ezagutu nahi duten bisitari guztientzat. Bertan, 'EDP Bilbao Night Marathon' ekimenarekin zerikusia duten eskaintzen espazio bat aurkituko dute, kirola egiteko, kirol medikuntzarako eta nutriziorako materialaz gain. Horrez gain, este gauza asko aurkitu ahal izango dituzte.
Proban parte hartuko duten lasterkariek derrigorrez igaro beharko dute handik, dortsala, txipa eta lasterkariaren poltsa hartzeko; beraz, bisitari-kopuru finko bat egongo da inolako zalantzarik gabe. 2014. urtean izena eman zuten pertsonen kopurua 10.000 izan zen, eta aurten zenbateko hori soberan gaindituko da.
Azoka, maratoia bezala, hazkunde esponentzial bat esperimentatzen ari da, eta iazko 18.000 parte-hartzaileak gainditzearen ondorioz, agertokia aldatu beharko da eta Euskalduna Jauregira mugituko da.