Metro Bilbaok euskararekiko duen "sentsibilitate eskasa" salatu du LABek

uriola.eus 2015ko ira. 22a, 08:30

Prebentzio zerbitzuko buruaren hautatze prozesua "berehala" gelditzeko eskatu du sindikatuak, "euskara baztertzen duelako". LABen iritziz, prozesuak "ez du lantaldeari zerbitzu hori euskaraz ematerik bermatzen" eta "euskararen normalizazioa hipotekatzen du arlo horretan datozen 20 urteotarako".

Joan den igandean, irailak 20, kanpoko hautatze prozesu bat iragarri zen prentsan, Metro Bilbaoko prebentzio zerbitzuaren arduradun izango dena kontratatzeko. Besteak beste, euskarazko B1 eskakizuna egiaztatu beharko dute hautagaiek. 

LABek adierazi duenez "maila horrekin ez dago prebentzio arloa euskaraz kudeatzerik, ez baita hizkuntza horretan txostenik edota espedienterik sortzeko edo ulertzeko gaitasunik bermatzen".

Era berean, pertsona hori erakundeko mediku lanetan ere arituko da eta, horrela, "ezinezkoa izango zaio euskaraz komunikatu eta ezelako diagnostikorik ematea".

Sindikatuak ez du ulertzen, kanpoko hautatze prozesu baten aurrean, "zergatik ez den lantaldea bi hizkuntzetan artatzeko gai izango den profesionalik onena bilatzen".

Metro Bilbaoren zuzendaritza "euskaraz bizi eta lan egin nahi duten pertsonak baztertzen ari da horrela, modu kontziente eta aurrez pentsatuan". 

Xehetasun gisa, prebentzio alorrean haren azpian eta esanetara aritu behar duen teknikariari B2 hizkuntza eskakizuna eskatuko litzaioke kanpoko kontrataziorik egin behar izanez gero, "baina hierarkian gainean dituenekin ez dira hain zorrotz eskakizun horiek". LAB ez dago neurri horrekin ados eta nagusiei gutxienez beren esanetara ari direnei besteko maila eskatzea aldarrikatzen du. 

"Agerian geratu da, berriro ere, hiriarteko tren konpainiako zuzendaritzak euskararen normalizazioari buruz duen sentsibilitate eta inplikazio eskasa. Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusiak sinatutako hizkuntzen kudeaketarako politika izan arren, apaingarri, itxura eta marketin hutseko elementua baino ez da, asmo adierazpen hutsa, aurrera egin edo burutzeko aukera txikienaren dagoenean ahaztu, eta aplikatzea saihesten baita".