AHT Gelditu! Elkarlanak deitu duen protestan oso presente izan dute Madrileko bilera. "Kaltetuta dagoen diru-kutxa publikoa nola alferrik gastatuko duten erabakitzeko" batzarra dela adierazi dute kontzentrazioan parte hartu duten kideek. AHTren "zentzugabekeria" salatzearekin batera. "Bilbo-Donostia ibilbidea 55 minututan egingo du AHTk, autobusak 65 minututan egiten duenean; Donostia-Gasteiz 55 minututan, 67 minututan autobusean, edota Bilbo-Gasteiz 43 minututan, 50 minututan autobusean".
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean, ATH proiektura "diru gehiagorik ez" bideratzeko eskatu dute protestako partaideek.
AHTren sarrera Bilbon lurperatzea Aburtoren lehentasuna
Bilbo Zaharra eta Zabalgunea arkitektonikoki bereizi dituen lubakia atzean uzteko AHTk lurrazpitik iritsi behar du Abandoko geltokira. Horixe da Juan Maria Aburto Bilboko alkatearen lehentasuna eta eskari horixe helaraziko dio gaur Ana Pastor Sustapen ministroari, nahiz erabaki horrek trenaren zerbitzua abiarazteko data atzeratu.
Aburtorentzat "garrantzitsuago da" Bilbo Zaharra eta Zabalgunearen arteako gunea "ekonomikoki eta sozialki ez hipotekatzea" 2019rako Abiadura Handiko Trena martxan izatea baino. Gune horren etorkizuna baldintzatuta geratuko lizateke AHTren sarrera lurrazaletik egiten bada. Historikoki bi auzoen artean trenbidearen ondorioz existitu den lubakia desagerraraztea izan da aurreko eta egungo udal gobernuen helburuetako bat. Horretarako, baina, AHTk Bilbora lurrazpitik iritsi beharko luke.
PPko bozeramaile Luis Egiluzek adierazi duenez, Bilboko Udalak AHTren finantzaketan parte hartu behar du. "Ez ditu soilik lursailak jarri behar" proiektuan, "Bilbao Ria 2000n egin duen bezala".