EAJ-PSE gobernuaren sorrerarik gaur arte "ez du ezer berria ikusi" EH Bilduk. Gogor kritikatu du Aburtoren taldearen lana: "Politika zaharraren ereduari eusten dion gobernu baten lehen 100 egunak bizi izan ditu Bilbok".
"Ez dute bete" Lehen 100 Eguneratarako Ekintza Planean jasotakoa. Bertan, 72 ekimen gauzatzeko konpromisoa agertu zuen Aburtoren lantaleak, eta "gutxienez horietako 30 ez dituzte abian jarri". Esate baterako, Merkataritza Jarduera Bultzatzeko Plan Estrategikoa, Euskararen Aholku Batzordearen sorrera, baliabiderik ez duten adinduentzako Aholkularitza Juridikoa emateko Zerbitzua, Bizikidetza Plan Zuzendaria, Udaltzaingoaren akademiarako eredu berriaren ildoen aurkezpena, Termibuseko geltoki berriko lanen esleipena…
"Beraz, argi eta garbi esan dezakegu: Aburtok eta Gilek aurkezturiko Lehen 100 Eguneratarako Ekintza Plana, eta berau zabaltzeko Bilboko postontzi guztietara bidali zuten aldizkaria, propaganda baino ez da. Propaganda hutsa. Hori bai, bilbotar guztion diruz ordaindurikoa. Eta propaganda horrekin guztiarekin estali nahi dute, besteak beste, 2015-1019rako Aginte Planik ez daukatela. Ez daukate eta ez dute haiek egingo; gaur bertan esleitu diote Deloitte enpresari 30.000 € + BEZa ordainduta".
Bilbon "premiazkoak diren hainbat proiektu" abian jartzeko ez dute astirik hartu EH Biduren esanetan. "Ordea, ez dute segundu bakar bat ere galdu Aburtoren figura ezagutarazteko marketin kanpaina abiatzeko. Ez da egun bakar bat ere egon Aburto prentsan ikusi ez duguna, traineru bateko patroi lanetan eta guzti".
Eta bien bitartean, EAJ-PSEk aurrera eramandako jarduera politikoek "aurreko legegintzaldietako eredu berbera izan dute oinarri. Hau da, politika zaharra dira, hemen aspaldidanik ezagutzen dugun politika zahar berbera". Zenbait adibide jarri ditu Ibaibarriagak: "Izugarri handiak diren soldatak txikitzeari uko egin diete"; "udal enpresetako administrazio kontseiluak haien alderdietako jendez bete dituzte" edota "erlijio ekitaldietan parte hartze aktiboa izan dute udal gobernuko kideek, alde batera utzita laikotasuna".