Gainera, artikulu honetan kartzelara eraman zuten ekimenen goraipamena egin nahi dut. Eta, bide batez, galdera hau luzatzen diot neure buruari: «Gure herri zapaldu honetan “goraipamenak” egitea zigortzen den uneon, zigortua izan nahi ote dut?»
Erantzuten saiatuko naiz, beste galdera batetik abiaturik: «Zergatik zigortu zuten hain modu bidegabean?» Ba, labur esanda, lau “delitu” larri egin zituelako.
Lehena, kazetari zintzoa izatea eta herriko errealitatea zintzo kontatzea. Dena den, hori delitua bada, nahi nuke neuk ere kondenatua izan. Bigarrena, errealitate hori kontatzeko artikuluak euskaraz idaztea. Tira! Hori delitua bada, ondratzat hartuko nuke zigortua izatea. Hirugarrena, bere artikuluak Egin eta Egunkaria izeneko egunkarietan edo Herria 2000 Eliza aldizkarian argitaratzea. Hori delitua bada, jakin bezate epaileek ohoretzat dudala nik neuk ere hirurotan argitaratu izana. Eta laugarrena, Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izatea, kazetarien ordezkari gisa gainera. Hori delitua bada, entera bitez nik neuk kazetaritzaren saririk handiena emango niokeela egunkari singular hori urte luzez plazaratu zuen gizatalde osoari.
Ekimen horiek guztiak goraipatu nahi ditut, euskal kulturari kazetaritzaren arloan eginiko ekarpen bikainak izan direlako, argi eta garbi. Beraz, nola ez dut laguntzat hartuko, horien guztien adierazle den pertsona? Ondo entzun dezaten, lau haizetara diot: «Jexuxmari nire laguna da.»
Jose Ramon Etxebarria Bilbao
(Santutxu)
[2015-09-22] Jexuxmari Zalakaini igandean egingo diote ongietorria Santutxun