'Pardines' izena jarri diote ETAren ustezko buruzagitzaren aurka Frantziako eta Espainiako poliziek asteartean egindako operazioari. Guztira lau pertsona atxilotu zituzten; Iratxe Sorzabali eta David Plari ETAren politika aparatuko arduradunak izatea leporatzen die Espainiak; Ramon Sagarzazuri ETAko nazioarteko aparatuko buru izana; Pantxoa Flores aldiz, atxiloketak egin ziren Baigorriko Agorerreka aterpetxeko jabea da.
Atzo arratsaldean manifestazioa jendetsua egin zuten Bilboko kaleetan zehar atxiloketak eta "erakundearen armagabetzeari uko egin eta bere kideak atxilotzea, konponbideari eraso egitea" dela salatzeko. Gainera, operazioaren aurrean, Ezker Abertzaleak gaitzetsi du, "gatazkak konponbide politikorako urratsak behar dituen honetan, Estatuak irabazle-galtzaile parametroetan kokatzen direla berriro ere".
Atxiloketen harira, Sortuk argi utzi du "ETA dagoeneko ez dela eragile armatu bat" eta beraz, bere kontra egiteak, "herri honetan zabaldu den errealitate politiko berriari muzin egitea suposatzen" duela.
Presoen Euskal Herriratzearen eskaeren erantzunaren aurrean protesta
Gaur, irailak 25, Entzutegi Nazionalak bilkura egingo du euskal preso politikoek banaka egindako Euskal Herriratze eskaerei erantzuteko. Honen aurrean, Sortuk argi dauka, Estatu espainiarraren "boikot jarrera iraunkorra" aintzat hartuta, epaileek ez dutela inolako "erantzun positiborik" emango. Beraz, elkarretaratzeak deitu dituzte herriz herri, presoak Euskal Herriratzeko eta dispertsioarekin amaitzeko aldarrikapena zabaltzeko. Bilboko deialdiak bat egin zuen atzoko atxiloketak salatzeko hitzorduarekin.
Horrelako jarrerekin, Estatu espainiarrak presoen egoerari aterabidea bilatzea atzeratu nahi duela azaldu dute Sortutik, konponbide prozesua "zapuztuz". Era berean, EAJri, "Estatuari bidea libre uztea" egotzi diote.
Guzti horren aurrean, "presoei ezarritako salbuespenezko politika alboratu" dezala exijitu diote Madrili "ilegala delako; sufrimendu sendaezina eragiten duelako senide eta lagunen artean, 16 hildako eragin dituelarik; eta euskal jendartearen gehiengoak horrela eskatzen duelako".