Emakumeen Mundu Martxako Karabana Feminista igandean helduko da Bilbora

uriola.eus 2015ko urr. 2a, 14:56

Martxoaren 8an Kurdistandik atera, eta Europako hainbat herri zeharkatu ondoren, irailaren 28an Euskal Herrira iritsiko da Emakumeen Karabana Feminista. Buakera Bilbon izango du urriaren 4an eta egun osoko egitaraua prestatu dute giro ezin hobea sortzeko asmoz. Honen etorreraren aurrean, aste osoan zehar ekintza ezberdinak egin dituzte Bilbon, gaur 20:30ean, aerobitoia egongo da Arriagan eta 21:00etan, manifestazioa abiatuko da bertatik, "Indarkeria sexistari aurre egiteko" lelopean. 

'Gure gorputza, gure lurraldea' lelopean gauzatuko da Emakumeen IV. Mundu Martxa irailak 28 eta urriak 4 bitartean Euskal Herrian. Ekitaldi nagusia eta Emakumeen Mundu Martxako Karabanaren agurra Bilbon egingo da hala ere, "denak aske izan arte martxan jarraitzeko" asmoa agertu dute antolakuntzatik.

Gauzak horrela, igandean, urriak 4, ekitaldi ugari prestatu dituzte Bilbon. 12:00etan, bizikletada abiatuko da Sarrikotik; 12:30ean, Eliptikan hasiko den manifestazioarekin bat egiteko asmoz. Ekitaldi nagusiaren txanda izango da 13:30ean Areatzan eta bertan, Galiziarrei testigua pasatuko diete. Jarraian, 14:30ean, emakume bollera eta trans-en herri bazkaria prestatu dute Areatzan; ondoren etorriko den bazkal-osteari harrera eginez. 16:00etan, Kapritxosas Clown ikusteko aukera egongo da; 16:30ean, Plataforma Tiranderen 'Latidos del tribunal' antzerkia; eta azkenik, 17:00etan, Mis Ovarios 33, Puro Luego zein Furia taldeen kontzertuekin agur esango zaio karabanari. 

Ibilbidea eta lanketa

1995ean Quebecen emakumeen aldeko martxa bat egin zuten, 'Larrosa eta ogiaren martxa' deiturikoa.  15.000 pertsona batu zituen. Orduan erabaki zuten martxa era zabal batean egitea.

2000 urtetik aurrera Emakumeen Martxa egiten da bost urtez behin mundu mailan. 2004an adostu zen 'Emakumeen Gutuna' gizarteratzea, Congon. Urtebete beranduago, furgoneta more batekin Euskal Herrian "feminismoa zabaldu" zuen lantalde batek. Bi urtera, 2007an, onartu zen 'Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna'.

Ibilbide luzea eta lanketa sakona egin du taldeak, 'Indarkeria matxistaren kontrako protokoloa' adosteraino. Protokolo horren arabera, emakume bat erailtzen duten aldiro, 24 ordutan kalera atera eta salaketa publikoa egiteko konpromisoa onartu dute atxikimendua eman dioten lagunek. 

Oinarrian, martxak "ongizatea eta elikadura-burujabetza" ditu, "bakea eta desmilitarizazioa". Helburutzat ditu "emakumeen lan ikusezina ikusgarri egitea" eta "emakumeen kontrako indarkeria, horien gorputzak, bizitza eta sexualitatea kontrolatzeko tresnak" salatzea eta gainditzea.

[2015/09/08] Norbanako zein kolektiboek ekin diote Emakumeen Mundu Martxari atxikimendua emateari