Manifestazioa, herri epaiketa eta kontzertuak 'Herriak Libre egunean'

uriola.eus 2015ko ira. 24a, 13:15

"Espainiako Estatu inperialistaren" aurkako herri epaiketak antolatu ditu irailean eta urrian Herriak Libre dinamikak, urriaren 19an, Estatuak bost euskal militante internazionalista "akusatuen aulkian eserarazi" baino lehen. Bilbon, urriaren 2an, egingo duten epaiketaren aurretik manifestazioa deitu dute eta ondoren kontzertuak antolatu dituzte.

Urriaren 19an bost euskal militante internazionalista -Walter Wendelin, David Soto, Aritz Ganboa, Unai Vazquez eta Gabi Basañez- "akusatuen aulkian eseraraziko ditu" Espainiako Estatuak. "Horrekin aski ez", eta Askapena, Askapeña eta Elkar Truke elkarteen ilegaliazio eskaerak "mahai gainean jarri ditu", Herriak Libre dinamikako kideek salatu duetenez. "Guztiak ere, gure herrian elkartasun internazionalista lantzeagatik epaituak".

"Amaierarik ez duen kate luze hau behingoz etetea" erabaki du Herria Librek, eta "gidoiak irauli eta epailea epaitzeko lizentzia" hartu du. "Urte luzetako ukazio eta zapalketen ostean, gu geu izango gara, herria izango da espainiar estatu inperialista epaituko duena", iragarri dute kideek.

"Espainiar estatu inperialista epaitzera goaz Euskal Herriaren aurka urte luzeetan egindakoagatik, naziorik gabeko gartzela den estatu hau mantentzeagatik, Saharar herriaren ukazio eta zapalketan duen erantzunkizunarengatik, OTANeko kide izateagatik, Abya Yalan edo latinoamerikan egindakoagatik eta egiten ari denagatik".

 

Bilbon, urriaren 2an

Euskal Herrian zein nazioartean 30 herri epaiketatik gora antolatu dira. Bilbokoa urriaren 2an izango da, 20:00etan 7Katu gaztetxearen aurrealdean. Ondoren, "pikoteo internazionalista" eta Mexicana Clandestina, Bilbomatiks eta DJ Lozio ariko dira kontzertua ematen.

Hori baino lehen, 19:00etan, manifestazioa deitu dute Arriaga plazatik abiatuta.

Epaia

Urriaren 12an, "inperialismo espainiarraren egunean, hispanitatearen egunean, lehenago arrazaren eguna deiturikoan", Euskal Herrian zein nazioartean egindako epaiketa guztiak "oihu bakarrean" batuko dituzte, "herri sententzian". Urriaren 12an Iruñean batuko dira, "irmotasun eta duintasun betean, zapi laranjak jantzi eta oinetakoak eskutan. Honela, eguerdiko 12etan Antoniutitik hasita Herri Libreen Martxa burutuko dugu, herri bezala, internazionalista bezala, gainerako herri zapalduekin batera, behingoz, inperialismo espainiarraren aurrean herriak libre izan gaitezen".

Ondoren, Nabarreria plazan "musika eta sorpresa ugariz" beteriko egitaraua antolatu dute. Deitzaileen esanetan, "dantzatzen duen herri bat ez baita inoiz hilko!".

 

askapena.org

@Askapena

[2015/09/07] "Espainiako Estatu inperialistaren" aurkako Bilboko herri epaiketa urriaren 2an izango da

[2015/08/31] Aste Nagusian ozen entzun da Askapeñaren aldeko aldarria

[2015/08/26] Askapeña konpartsa, jaiez, internazionalismoaz eta epaiketez

[2015/08/07] Jabier Ruiz eta Pedro Castillo, Askapeña: "Jaia ez dago desagertzerik"

[2015/04/23] Askapeña konpartsa: "Egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea da"

[2015/04/20] Askapeña konpartsa babesteko dei bateratua egingo dute jai herrikoetako eragileek