Alor ekonomikoa gailendu zen Udalbatzako sesioan. EAJ eta PSEk osatzen duten Udal Gobernuak eta oposizioko hiru alderdietako zinegotziek 130 proposamen aztertu zituzten udal tasa eta zergak aldatzeko. Horietatik sei onartu ziren azkenik. Besteak beste, banketxeek espazio publikoan -kalean- kutxazainak izateagatik ordaindu beharreko zerga bikoiztea erabaki zuten.
Diru kontuetan izan zen bestelako aldaketarik. Bilbobus konpainiako ibilgailuetan sei urtera arteko umeek doan izango dute joan-etorria. Orain arte doakotasuna lau urtera artekoa zen.
Adostasunen artean, Athletici elkartasuna adierazteko proposamenak lortu zuen. Joan den maiatzaren 30eko Errege Kopako finalaren ondorioz ezarritako "isun politikoaren kontra" agertu da Udalbatza.
Panera etxe-multzoko lursail baten kalifikazio aldaketa ere onartu zen atzokoan. Bertan eraiki ahal izateko Udalbatzaren babesa jaso zuen proposamenak. Hala ere, auzitan dagoen gaia izanik, epaia plazaratu arte itxaron beharko du enpresa sustatzaileak.
Eztabaidak
Ugari izan ziren Udal Gobernuko eta oposizioko alderdien arteko eztabaidak atzokoan. Esaterako, errefuxiatuei babesa agertzerako orduan, aurretiaz publiko egindako iritzi kontrajarriak berpiztu zituzten. Iruñea bezala, Bilbo ere errefuxiatuak hartzeko hirien sarean sartzeko galdegin zuen EH Bilduk eta Goazen Bilbaok desiluzioa agertu zuen Aburtoren gobernuaruaren jarrera epelaren aurrean. Gurutzatutako berbetan, Aburtok 'errefuxiatu' eta 'babes-hiriak' kontzeptuak "mediatikotzat" jo zituen.
Alde Zaharreko ostalaritzako lizentzien urtebeteko moratoriak ere askorako eman zuen. Oposizioak lizentzien etenaldia hiriko beste auzo batzutara zabaltzeko premia azpimarratzen zuen bitartean, Aburtok urtea bukatu aurretik iragarri zuen sektoreko ordezkariekin ostalaritzako ordenantza egokitzeko akordioa prest izango dela.
Udal ordezkariek eskuratzen dituzten gonbidapen eta sarrerek piztu zuten EAJ eta EH Bilduren arteko sua. Zinegotzien "pribilegioak" ezabatzeko proposamena Bilduren eskakizun sendoenetako bat da. "Bai zezenketetarako bai operarako abonuak erosteko diru partidak ezabatzea". Eztabaidak Vista Alegre zezen plazaren bideragarritasuna dela eta, luze jo zuen.
Beste behin, Bilboko langabeen asanbladetako kideek Udalbatzako bilkura baliatu zuten euren protesta udal ordezkariengana eramateko.