Artxandako funikularrak, 2019 baino lehen, bide erdian geralekua izango du

uriola.eus 2015ko ira. 30a, 11:00
Gure Etxea auzo elkarteak aurkeztutako txosten teknikoko irudia

Mirador a Bilbao, Etxezuri eta Via Vieja de Lezamako auzokideen eskaria errealitate bihurtuko da azkenik. Funikularreko unitateak gurutzatzen diren gunean, ibilbidearen erdialdean, eraikiko da geralekua. Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren arabera, "2019 baino lehen".

Geralekuarekin batera pasabide mekaniko bat ere eraikiko dute auzotarrei sarbidea errazteko. Alfonso Gil Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen zinegotziaren esanetan, proiektua "inplementatu beharra dago, baina borondate politikoa badago eta egin, egingo da".

Beste proiektu batzuren artean, Gilen saila Aste Nagusiko egun jakinetan funikularraren ordutegia zabaltzeko aukera aztertzen ari da.

 

593 sinadura geralekua eskatzeko

Joan den otsailean, Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Sailari eta Funicular de Artxanda SAko administrazio kontseiluari 593 sinadura helarazi zizkioten Mirador a Bilbao, Etxezuri eta Via Vieja de Lezamako auzokideek funikularraren ibilbidean tarteko geraleku bat eskaria babestuz. Geraleku horrek "zonaldean bizi garenoi eta batik bat adineko pertsonen irisgarritasun zailtasunei irtenbidea emango die”, zioten orduan.

Artxandako funikularraren ibilbidean tarteko geralekua ezartzeko eskaera ez da berria. Artxandako aldapan bizi diren auzotarren aspaldiko aldarrikapena da. Eskaera horri forma eman nahian, 2009an tarteko geralekuaren bideragarritasuna aztertzeko txosten teknikoa osatu zuen Gure Etxea auzo elkarteak profesionalen laguntzarekin.

 

[2015-02-13] Ia 600 auzotarrek eskatu dute Artxandako funikularraren ibilbidean tarteko geraleku bat