Pedro Javier Pascual oso ezaguna da naturari eta animalien munduari ateratako argazkiengatik, batez ere. 'Ilusiones visuales' erakusketak, ikuslearen irudimenarekin jolasteko xedez, irudian erlazionatzen diren bi elementuren arteko jolas poetikora, ikusmeneko elkarrizketara, hurbiltzen du ikuslea bera.
Bere argazkiek hurbileko unibertsoa erakusten dute, bertako elementuak kontuan izanda, baina aldi berean unibertso onirikoa ere erakusten dute, begiratzeko modua dela eta. Animaliei egindako argazki guztiak askatasunean egin dira, erabateko errespetua eta kontua izanda. Argazki harrigarriak eta zirraragarriak dira, programa informatikoen bitartez manipulatu gabeak.
Erakusketa hori Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua 5) egongo da gaurtik urriaren 15era. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia bihar, urriak 2, izango da 19:00etan, eta egilea bertan egongo da.
Marina Gondra
Aurreko edizioetan bezala, Bilboargazkik erakusketa egiteko aukera eskainiko die etorkizun handia duten zenbait euskal argazkilari gazteri. Oraingo honetan, ikusleek Marina Gondra euskal argazkilariaren lanez gozatu ahal izango dute La Granja kafetegian, gaurtik urriaren 31ra.
Argazkilariak, 'Cuando cierras los ojos' izenburua daraman argazki bilduma aurkeztuko du, mundu onirikoen eta irudi bakoitzean egunerokotasunetik ihes egiteko aukera bilatzen duen artistaren errealitatearen arteko etengabeko borroka erakusten duen lana.
Esther Camacho eta Daniel Brändli
Urri osoan ikusleek Esther Camacho Cerezoren eta Daniel Brändliren lana ezagutzeko aukera ere izango dute. Lehenengoak 'Impermanence towards Mars' izenburua daraman bilduma aurkeztuko du Bilboko ikusleen aurrean FNACeko erakusketa aretoan. Mugimendua eta eraldaketa funtsezkoak diren eszena onirikoak erakusten dituzten bi argazki seriek osatutako erakusketa da.
Hainbat aldiz Foto Suisse izenekoak urteko argazkilari izendatu duen Daniel Brändli suitzarrari dagokionez, banakako eta taldekako erakusketak egin ditu Suitzan, Txinan, Taiwanen, Japonian, Ukrainan edo Errumanian. Bere lana gorputz biluzietan eta erretratuan zentratzen da, batez ere, sarri askotan prestatutako eszenatokietan eta serietan edo sekuentzietan hartutako argazkiekin. 'Series & Sequences' erakusketa urri osoan bisitatu ahal izango da EHUko erakusketa aretoan (Espainiako Bankua 2).
Argizaiola sariketara aurkeztutako lanen aukeraketa
Gaurtik urriaren 31ra, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga 6), Euskadiko argazki lehiaketa beteranoetako batera, Argizaiola saria 2015era aurkeztutako lanen aukeraketa jasoko du. Erakusketak Manu Barreiroren argazki irabazlea eta akzesitak (Eladio Aries eta Asier Garagarza) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzuekin batera. Erakusketa urriaren 14an inauguratuko da (19:30ean), eta irabazleak bertan egongo dira.
Hitzaldiak eta tailerrak
Zortzi erakusketa horiekin batera, eta jada ohikoa denez, Bilboargazkiren programazioa zenbait jarduera paralelorekin osatuko da, hitzaldiekin eta argazkigintza tailerrekin, hain zuzen ere. Horrela, argazkigintza zaletuek esperientziak trukatzeko eta prestatzeko aukera izango dute, edizio honetan parte hartzen duten profesionaletako batzuen eskutik.
Ezaugarri aurreratuagoak dituzten bi tailerrak artista gonbidatuetako bik emango dituzte. Urriaren 2an, 3an eta 4an, Pedro Javier Pascualek argazki irteera bat gidatuko du, makroen bidezko eta hurbiletik egindako argazkigintzan aplikagarri diren zenbait argazki teknika erakusteko, ekipo egokiena edo argia kontuan izanda. Andoni Lubakik, bere aldetik, gatazka argazkia izenekoari buruzko tailerra eskainiko du urriaren 16an eta 18an. Saio horietan, errefuxiatu siriarren krisiaren eta mundu osoan ikusi ahal izan diren argazki gogorren ondorioz zoritxarrez erabateko gaurkotasuna duten gaiak landuko dira, argazkilari batek gatazka gune batean lan egiteko moduari edo argazkilari horien etikari buruzko gaiak landuz, besteak beste.
Azkenik, eta aurreko edizioetan izan duten harrera bikaina dela eta, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoei, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa errepikatuko da. Jarduera urriaren 25ean izango da, goizeko 10:30etatik aurrera, Azkuna Zentroan, eta argazkiak egiteko inguruetara egingo den irteera bat ere sartuko da. Ondoren, ateratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira. Izen ematea doakoa izango da www.bilboargazki.com webgunearen bitartez (plaza mugatuak).
[2015-09-30] Txinako harresi handia Bilbora ekarri du Yang Yueluanek