Indarkeria sexista

"Benetan latza da egun, oraindik, emakumeak hiltzen jarraitzea"

uriola.eus 2015ko urr. 8a, 11:23

Emakumeen eskubideak aldarrikatuz Euskal Herrian batetik bestera astebete eman ostean, igandean egin zioten agurra Emakumeen Mundu Martxari Bilbon hainbat lagunek. Biharamunean, astelehenean, "beste hilketa baten berri izan genuen". Erandion bere bikotekidearen etxean hilik aurkitu zuten emakumearen kasua, hain zuzen ere. Bilboko Koordinadora Feministaren helburua da "kalean salatzea eta kalean ikustaraztea hau gure eguneroko ogia dela, erailketez gain, bortxaketak daudela, hainbat eraso daudela".

Azken urteetan mugimendu feministak "selukako aurrerapena" egin du erasoen aurrean ematen diren eratzunean. "Gutxinaka, kontzentrazioak geroz eta handiagoak dira eta salaketak geroz eta jendetsuagoak", Goiuri Mendez Bilboko Koordinadora Feministako kidearen hitzetan. Atzo iluntzeko Arriaga plazako elkarretaratzea da erantzun bateratu horren adibidea. Badira adibide gehiago ere. Esaterako, udan, auzo eta herrietako jaiak direla eta, egin diren manifestazioak edota salaketarako eta prosterarako erabili diren "molde berriak". Horiek baikorki baloratzen ditu Mendezek: "Euskal Herriko mugimendu feministak kristoren lorpena egin du".

Aurrerapausoak, baina, ez dira nahikoa indarkeria matxista gelditzeko. Gehiago egin behar da, eta horregatik jotzen ditu "lotsagarritzat" Juan Maria Aburto Bilboko alkateak astelehenean udaletxeko elkarretaratze ostean eginiko adierazpenak. "Erakundeek lan egin dute, baina aski egiten dute", galdetzen du Bilboko Koordinadora Feministatik Goiurik, "guk ez dugulako emaitzik ikusten".

Erakundeei elkarlanerako deia luzatu die Mendezek, eta errespetu eta kontzientzia gehiago eskatu die: "Borroka feministak dituen eskakizunak agenda politikoetan lehen puntuan jartzeko eskatzen diegu. Benetan tamalgarria da bizi dugun egoera, eta egoerarekiko dagoen errespetu eta kontzientzia falta erakundeetatik".

Jendartearengana, bilbotarrengana ere zuzentzen da Bilboko Koordinadora Feminista. Mobilizatzera animatzen ditu. "Kalera ateratzera dei egiten diegu, konpromisoz eustera borrokari, benetan latza baita egun, oraindik, emakumeak hiltzen jarraitzea".

 

Gizarte egitura patriarkal osoa aldatzeko

Herri mugimenduak hezkidetzan jarri ditu indarrak azkenaldian. "Gero eta kontzentzia handiagoa dago hezitzaileen artean hezkidetzaren bidea irekitzeko", baina irekitzen baino ez dira hasi. Goiuri Mendezen arabera, "oraindik ez gara eraikitzen hasi". Aitortzen du hezkuntzan lan asko dagoela egiteko, eta "oro har hezkuntza osoa delaa birplanteatu behar dena". Hau da, "zer balore eta nola transmitzen ditugun eta hezkuntza osoa dago zelan dagoen" hausnartu beharra dago.

Hala ere, Mendezek ez luke jarriko "arazoaren muin bezala soilik hezkuntza". Hezkuntzari "ezin diogu gertatzen den guztiaren errua bota". Arreta eta indarra gizarteko esparru guztietan eskatzen du: "Gizarte egitura oso bat daukagu guztiz patriarkala dena eta horrek egiten du azkenean gertatzen dena gertatzea". Erantzukizunak eta betebeharrak esparru guztietan daude, hortaz: musikan, publizitatean, hizkuntzan... dagoen sexismoari aurre egitea denon ardura da.

 

[2015-10-06] Indarkeria matxistari erantzuna

[2015-10-06] Almudena Matarranzen erailketa gaitzesteko elkarretaratzeetan parte hartzeko deia zabaldu die Udalak bilbotarrei

[2015-10-05] Indarkeria zantzuak zituen emakume baten hilotza aurkitu dute Erandioko etxebizitza batean