2010ean atxilotu, torturatu eta espetxeratu zuten Hassanna Aalia. 2013an bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Marokoko auzitegi militarrak. 2015ean Espainiako Estatuak asilo politikoa ukatu zionean Hassannak errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, egun, oraindik ebazteke dagoena. Marokora kanporatua bada bizi osorako zigorrari egin beharko dio aurre.
Joan den asteartean, Burgosen, trenean zihoala, atxilotu zuen Hassanna Espainiako poliziak. 48 ordutan bete beharreko kanporatze aginduaren berri eman zioten, Hassannak Auzitegi Nazionalean aurkeztutako errekurtsoaren froga agiriak erakutsi arren. Ondoren aske utzi zuten.
Hassanna Aaliaren asilo eskaera aintzat hartzeko eskatu du Bilboko Udalak
Hassanna Aalia saharar ekintzailea Espainiako Estatutik egozteko aginduaren aurrean, Bilboko Udaleko talde politikoek aho batez sinatu dute Hassannari babes politikoa ematearen aldeko aitorpena.
"Berriro ere" dei egin dio Bilboko Udalak Espainiako Barne ministroari "Hassanna Aaliari babes politikoa emateko eskabidea berraztertu dezan". 12/2009ko Legean oinarritu da Bilboko Udala horretarako. Lege horren arabera, Hassannak "nazioarteko babesa jasotzeko egin duen eskaera onartu" behar du Ministeritzak.
Udaleko alderdiek babestu duten adiearazpenean zehazten da Hassanna bere herrialdera bueltatzen bada, "Marokoko agintaritza okupatzaileak zigor gogorra ezarriko diola eta, honezkero, ez da kartzelatik bizitza osoan irtengo. Berak politika arloan nazioarteko aitorpena jasotzeagatik eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen alde modu baketsuan borrokan dabilen pertsona aktiboa izateagatik sortu da honako egoera hau".
[2015-10-08] Hassanna Aaliaren asilo eskaera aintzat hartzeko eskatu du Bilboko Udalak
[2015-02-20] Hassanna Aaliari babesa eman dio Bilboko Udalak
[2015-02-02] Hassanna Aaliarentzat asilo politikoa aldarrikatu dute Bilbon
[2015/01/30] Hassana Aalia babesteko manifestaziora deitu dute bihar