Aburtok "oso positibotzat" jo ditu Udal Gobernuaren lehen 100 lan egunak "helburu guztiak martxan daudelako"

uriola.eus 2015ko urr. 15a, 11:00

Joan den uztailean iragarritako 72 konpromisoak ez ezik, "beste dozena bat ere abian jarri direla-eta", Bilboko Udal Gobernuaren lehenengo 100 egunetako ekintzen balantzea "oso positiboa" izan dela adierazi du Juan Mari Aburto alkateak gobernu taldeko kide guztiekin batera emandako prentsaurrean.

"Bagenekien zaila izango zela, datengatik eta taldeak oraindik taxutzen genbiltzalako, baina kunplitu dugu eta gure erronkari jarduera gehiago erantsi dizkiogu", azaldu du Aburto alkateak. Gobernu-talde hau "gardena izan dadila" nahi du bere konpromisoetan eta ekintzetan. "Ezagutzera eman gura dugu –esan du– zertan ari garen lanean, ezagutzera eman zertan beharko dugun oposizioko alderdien eta hiriko elkarteen laguntza, eta hiriaren onerako gauzak egin ahala, zer egiten dugun kontatu nahi genuen eta hala nahi dugu".

 

Jardueren balantzea

Aurtengo uztailean iragarritako 72 jarduerei egindako bistadizioan, alkateak aurreratu duenez, "jarduera guzti horietan egin dugu lan eta, gehitxoago edo gutxitxoago, abian dira denak".

72 ekintzetatik honakoak aipatu ditu, besteak beste:

Aholkularitza juridikoa baliabide ekonomiko bako adinekoentzat. Tutoretzapeko bizitoki bi zabaldu izana adinekoentzat Errekaldeberrin. Errautsen parkea. Udal etxebizitzak Otxarkoagan sustraitzeko programa. Udalekuak Bilboko umeentzat. Bizikletak eramateko sistemadun Bilbobusen proba aurrendaria. Bidebarrietako udal zentroaren proiektuaren lizitazioa.

Udaltzaingoaren Udaletxeko komisariako lanak eta Esperantzako frontoia botatzekoak. Boluetan 108 BOE (babes ofizialeko etxebizitzak) eta 63 etxebizitza sozial egitea. Zorrotzaurreko Gehry Zubia zabaltzea. Zirkulazioaren eta oinezkoen mugikortasunaren arloko hobekuntzak Artxandan. Lurgaineko aparkaleku gehiago jartzea Basurtun. Etxebizitzak eraberritzea Mariaren Bihotza plazan.

Lehen balantze honen barrukoan sartzen dira 2016ko ordenantza fiskalak onartu izana, Gardentasunaren Atari berria eta barrutiko kontseiluak berritzea, 2015eko Enplegu Plana, 'Bilbo, Adinekoekin Hiri Adiskidetsua Planaren' bigarren fasea, aurrera egin izana 2016-2019ko Auzokide Plana egiterakoan parte hartzeko prozesua; 2016ko aurrekontuen (aurki aurkeztuko dira), Jokabide eta Gobernu Onerako Kodearen, partaidetzarako estrategiaren eta agintaldirako gobernu-panaren proiektuak.

 

"Uste genuen baino jarduera gehiago"

Ekintzan Planari gainbegiratu azkarra egin ostean,"100 egunetan 72 ekintza gauzatzeko konpromisoa hartu bagenuen ere, jarduera gehixeago egiteko gauza" izan dela aipatu du Aburtok agerraldian. Ildo honetan, iragarritako 72 konpromisoei "beste dozena bat ekintza gehitu behar zaizkie". 

Horien artean hauek aipatu ditu alkateak: ostalaritzako lizentziarik ez ematea urtebetean Zazpikaletan, Gazteak Bilbao Sortzen gazteen enplegurako proiektua, kaleko zinemaren programa auzoetan, hiru komisaria mugikorren lizitazioa, uriko ortuen proiektua San Antonio-Errekalden, Mariaren Bihotza plazako komentuaren aurriak estaltzeko obren adjudikazioa eta Atxuriko kiroldegiaren ondoko estalki higigarria jartzeko obrak edota hitzarmena Iberdrolarekin argi-etenik gerta ez dadin ez ordaintzeagatik.

 

Bilbo ezagutzera ematea atzerrian

Alkateak garrantzizkotzat jo du aurreko astean Belfasten antolatutako jardunaldian parte hartu izana Bilboko Udalak. Topaketa honen helburua Bilbok azken urteotan izan duen eraldaketa ezagutzera ematea da, harremanak izatea munduko beste hiri eta herrialde batzuetako enpresen arloko arduradunekin eta karguekin eta honako interesgarriak izan daitezkeen Ipar Irlandan egindako proiektuak eta planak ezagutzea.

Egin-eginean ere, Udalaren gobernu berriaren lehenengo hilabete hauetan Juan Mari Aburtok "agenda bete-betea du" atzerriko topaketei eta bisitei erantzuteko. "Internazionalizazioa izango da gure ekintzaren ardatzik nagusienetako bat. Geure burua ezagutzera ematen eta ikasten jakin behar dugu, inbertsio gehiago, jarduera ekonomikoa eta lana lortzeko Bilborako eta bilbotarrentzat".

 

Poza, batasuna eta ilusioa

Juan Mari Aburtok bere taldearen agintaldiaren lehenengo hilabeteen balantze pertsonala ere egin du, hiru berbatan laburbilduta: poza, batasuna eta ilusioa. "Pozik gaude, gai izan garelako denbora gutxian Udal berri honen nondik norakoa bideratzeko, zinegotzi zailduekin eta gazteekin, prestakuntza handikoak denak ere eta batuta dihardutenak. Bilboko gobernu-taldea bat delako, bi alderdik osatua, EAJ eta PSE-EE alderdiek hain zuzen; helburu bakarrarekin baina: lan egitea Bilbo hobetzen, hazten eta munduko hiririk onena izaten jarrai dezan".

 

EH Bildu: "Udal Gobernuak orain artean propaganda besterik ez du egin"

Udal Gobernuaren lehen ehun egunak hitz bakarrarekin laburbil ditzake EH Bilduk: "Propaganda". Izan ere, orain arte "EAJ eta PSOEk egindakoa politika zaharraren adibide baino ez da izan".

Ekintza Planean iragarritako ekimen asko "ezerezean" geratu direla salatu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziak. "70 ekimen baino gehiago iragarri zituzten eta, horietatik, ez dugu izan ia erdien berri. Are gehiago, gobernu programa gabeko Gobernua da Bilbokoa. Izan ere, 2015-2019 legegintzaldiko programa egin diezaioten ordainduko dute".

Udal Gobernuaren jokaera agerian uzten duten erabakien adibide gisa, aipatu ditu Ibaibarriagak, "gehiegizko soldatak jaisteari uko egitea", "Udalarekin zerikusia duten enpresetako Administrazio Kontseiluetako postuak haien artean banatzea" edota "Udalaren izaera laikoa ez errespetatzea".

Aburtok zuzentzen duen Udal Gobernuaren "okerreko kudeaketaren" beste bi adibide erantsi ditu EH Bilduk. Lehenengoa, "zezen-plazaren galerei garrantziarik ez ematea, galera horiek bilbotar guztien artean ordaindu behar ditugunean". Bigarrena, "Aste Nagiusian zabor-bilketan iruzurra egitea, edukiontzi desberdinetan botatakoa kamioi bakarrean jasoz".

EH Bilduren aburuz, Udal Gobernu berriarekin "gauzak ez dira aldatu. PSOE EAJrekin gobernuan izateak ez du suposatu inolako aldaketarik. Lehen politika zaharra alderdi bakarreko gobernuak egiten zuen. Orain, aldiz, alderdi bik osatutako gobernuak egiten du".