Era berean, joan den mendeko Bilbo eta bilbotarrak irudikatzeko, 30eko hamarkadatik 70eko hamarkadara arteko argazki piloa batu ditu Larreak. Horiek baliatu ditu 90 orritan Arestiren biografia laburbiltzeko, sintesi lan gogorra eginez. Marrazkilariak ondotxo daki pertsona eta gertaera asko liburutik kanpo geratu direla, baina aukeratu beharra izan du. Anekdota batzuk hautatu ditu narrazioren oinarritzat. "Ildo bat aukeratu eta hortik jo dut", zioen atzoko aurkezpenean. Eta Adurrek asmatu du "Arestiren bizitzako pasarte garrantzisuak harilkatzen", Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultura elkarteko kidearen hitzetan.
Euskara eta gaztelania uztartzen ditu komikiak, Arestiren Bilbo era "naturalagoan" islatzeko. Zuria, beltza eta marroi kolorea erabili ditu Adur Larreak batik bat "Gabrielen bizitza laburra baina oparoa" margotzeko. "Itxuraz arrunta, grisa, zen gizonak barruan unibertso handia baitzuen, mami asko bere baitan". Eta familia gustura agertu da Adurren lanarekin eta Adur pozik familiaren oniritziarekin. "Zuen filtroa pasata pozik nago", esan zion Adurrek aretoan zegoen Andere Arestiri.
Gabriel Aresti, BioGrafikoa komiki liburua atzo "sinbolikoki" aurkeztu zuten Santutxuko udaltegian, Parrapean jaialdiaren baitan. Izan ere, Erroa argitaletxeko kideek azaldu zutenez, liburua "inprentan dago une honetan" eta hurrengo hilabeteko erdialdean, azaroaren 19an, kaleratuko da. Getxoko komiki azokatik pasa eta gero Durangoko Azokara helduko da.
Trapuak Kakoan performancea
Adur Larreak bihar, larunbata, Mikel Mardones eta Asisko Urmeneta ilustratzaileekin batera, Lutxo Egia idazleak gidatutako Trapuak Kakoan performancea eskainiko du. Mardones eta Urmeneta ilustratzaileak Mogel eta Arturo Campion idazleen lanak komikira eramandakoak dira eta, hortaz, komiki, literatura, ikus-entzunezkoak eta musika uztartuko dituen "esperimentua" izango da larunbatekoa. "Sorpresa bat" bai bertaratzen den ikuslearentzat bai partaideentzat beraientzat ere. Hitzordua, larunbatean, 19:30ean, Santutxuko udaltegian.
Parrapean-Komiki Egunak
Euskal Herrian egiten den euskarazko komikiari buruzko Parrapean-Komiki Egunak jaialdiaren bigarren edizioak Begoñako eta Santutxuko udaltegietan eta Karmelo plazan jarduera egitarau zabala eskaintzen ari da egunotan. Guztiak ere doakoak. Horien artean hitzaldiak, tailer monografikoak, zine proiekzioak, argitaratu diren azken lanen aurkezpenak eta euskarazko komikiaren bigarren azoka egongo dira.
Gaur, hilak 30, Gregorio Muroren eta Francisco Fructuosoren, 80ko hamarkadako, euskal komikiaren garai emankorreneko, marrazkilari azpimarragarrienetako biren, Justin Hiriart liburuaren berrargitalpena aurkeztuko da. Gregorio Muro izango da, hain zuzen ere, edizio honetako Joseph Camino ohorezko saria jasoko duena.
Gainera, Udal Liburutegi Sareak komikiari buruzko tailerra antolatu du Begoñan, gaur, hilak 30, (18:00 – 20:00) eta 31n (11:00 – 13:00). Parte hartzeko zinbestekoa izango da aurretik izena ematea liburutegian bertan edo 944734754 telefono zenbakiaren bitartez.
Jaialdia larunbatean, urriaren 31n, amaituko da. Eguerdiko 12:00etan, Begoñako Udaltegian, Bilboko Udalak, 14 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta antolatu duen komiki lehiaketaren sariak banatuko dira. Hiru sari emango dira, eta saridunek marrazteko materiala eta material informatikoa jasoko dute, diploma batez gain. Horrez gain, komiki irabazlea, bertako BERTON aldizkarian argitaratuko da.
Jarduera guztiak doakoak izango dira.
Informazio guztia hemen
[2015-10-21] Lutxo Egia: Parrapean