Mogelen Peru Abarka komiki bihurtu zuten aspaldi Pedro Riverok eta Mikel Mardonesek Peru eta maisu Juan izenburupean; Erraondo osatu zuen Asisko Urmenetak Kanpionen ipuinetik abiaturik; eta hilabete honetan bertan aurkeztuko du Adur Larreak Gabriel Aresti, BioGrafikoa. Ez da berez lotura hertsia, noski, baina aurten Parrapean komiki egunetan abarrak eta adarrak sortuko zaizkio beren-beregi prestatutako trama batean.
Iaz jarri zituzten martxan lehen aldiz Begoñako udaltegian Parrapean Komiki Egunak. Aurten ere, orduan bezalaxe, programa betea (beteagoa) dakar hilaren 24tik 31ra: erakusketak, tailerrak, proiekzioak, hitzaldiak, mahainguruak (adi Mujeres y comics: leerlos, crearlos, analizarlos solasaldiari), lehiaketak eta aurkezpenak. Adur Larrearen estreinaldi mundialarekin batera (hala esaten diete Zinemaldian), badirudi Unai Iturriaga (iaz jaialdian bertan aurkeztu zuen Haur Besoetakoa, Jon Miranderen nobelaren egokitzapena, beste klasiko bat) eta Alfonso Zapicok (Sari Nazionala disziplinan) Diamanteak, urrea eta ikatza elkarlana aurkeztuko dutela. Bestalde, bigarren edizio honetan Parrapean Santutxuko udaltegi berrira eta Karmelo plazara ere zabalduko da, non hilaren 24an eta 25ean euskal komiki azoka ospatuko baita.
Egitaraua: kulturabarrutik.net
[2015-09-21] Parrapean komiki lehiaketea antolatu dabe bigarrenez