Hiritarrek hitza hartuko duten lehen Udalbatza

uriola.eus 2015ko urr. 22a, 11:36

Urriaren 29ko Bilboko Udalbatzako Osoko Bilkuran, lehen aldiz, hiritarrek euren proposamena aurkezteko aukera izango dute. Zehazteke dago hiritarrei Udalbatzan emango zaien tartea eta horretarako bete beharko dituzten baldintzak.

Kaleratzeak Stop eta Kaleratzerik Ez! Hipotekak Kaltetuak plataformetako ordezkarien proposamena izango da Bilboko Udalbatzara hiritarrek eramango duten lehen proposamena. Bilbo 'Kaleratzerik gabeko udalerria' izendatzeko eskaera luzatuko diote Udalbatzari, hain zuzen ere, eta izendapenarekin batera hainbat neurri onartzeko eskatuko diote Udalari. Besteak beste, lehen etxebizitzako kaleratzerik izan ez dadin beharrezko bitartezkoak jar ditzala, esaterako, ordezko etxebizitza, edota kaleratzeen prebentziorako ordezkari bat izenda dezala jarduerak koordinatzeko eta elkarteekin elkarlana egiteko. Ordezkari horrek finantza enpresekin bitartekari lana egin beharko luke Kaleratzeak Stop eta Kaleratzerik Ez! plataformetako proposamenaren arabera.

 

Hiritarren txanda

Udalean ordezkaritza duten sei talde politikoek aho batez onartu dute hiritarren eta elkarteen parte-hartzea Udalbatzetan. Baina oraindik orain ez dute arautu parte-hartzea zelan gauzatuko den. Udalbatzako arautegian txertatzeko konpromisoa hartu dutela iragarri duten arren. Hortaz, ez dago argi urriaren 29ko Udalbatzako Osoko Bilkurako zein unetan parte hartuko duten Kaleratzeak Stop eta Kaleratzerik Ez! plataformetako ordezkariek eta zenbat denbora izango duten.