Bidaideak Bilbao BSRek 2015-2016 denboraldiko talde berria aurkeztu du

uriola.eus 2015ko urr. 23a, 10:00

Nobedadeen artean, Domingo Gil entrenatzaile berriaren, Joshu Turek jokalari iparramerikarraren eta Ruben Viso Bizkaiko saskibaloi promesetako baten fitxaketak nabarmentzen dira. Taldearen helburua, lehiatuko diren txapelketa guztien fase finaletara iristea da: liga eta kopa estatu mailan, eta Euroliga Europa mailan.

Bidaideak Bilbao BSRek Bilboko Udaletxean burutu du gaur goizean 2015-2016 denboraldiari aurre egingo dion gurpil-ahulkiko saskibaloi taldearen aurkezpena. Beste urtebetez, ilusio handiz ekin diete aurtengo erronkei, lehiatuko diren txapelketa guztietako fase finaletara heltzeko helburuarekin: estatu mailan Ohorezko Mailako Liga zein Errege Kopa, eta Europa mailan Euroliga.

Bilboko Udalak kirol egokituarekin duen konpromisoa erabatekoa da. Udala eta kirolari, entitate zein Bidaideak Bilbao BSR bezalako taldeen elkarlanari esker, minusbaliotasunen bat duten pertsonei kirola praktikatzeko erraztasunak eta babesa eskaintzen zaie, kirolaz gozatu eta osasun fisiko zein psikologikorako dituen onurak aprobetxatzeko.

Nobedadeak taldean

Bidaideak Bilbao BSRek talde sendoa eratu du 2015-2016 denboraldiari begira, besteak beste, hiru fitxaketa berri aipatu behar dira. Alde batetik, Domingo Gil izango da, Gorka Alvarez lagun duela, taldea aulkitik zuzentzeko ardura izango duena. Bestalde, Joshua Turek-en fitxaketa ere azpimarratzekoa da. Jokalari amerikarra, Rio de Janeiroko Jokoetan arituko den selekzio iparramerikarrekin jokatzeko helburuarekin iritsi da Bilbora. Bukatzeko, urtebetez Zuzenak talde arabarrean aritu ostean, Bizkaiko gurpil-ahuliko saskibaloi promesa handienetako bat ere izango da taldean, Ruben Viso.

Aurpegi berri hauez gain, Alex Mendiluce, Juan Felix Lopez, Daniel Diaz, Amadou Tijane, Jose Centeno, Patxi Lopez, Asier Garcia, Ariel Calderon eta Enaut De Angelek osatzen dute taldea.

2015-2016ko egutegia

Pasa den urriaren 17an taldeak garaipen batekin ekin zion Ohorezko Mailan jokatutako partidari. Bihar arratsaldean ligako bigarren norgehiagoka izango da, lehena etxean, Abeconsa Baskemi Ferrol taldearen aurka. Partida Txurdinagako Polikiroldegian jokatuko da arratsaldeko 18:30etan.

Bidaideak Bilbao BSRek hamar partida jokatuko ditu guztira denboraldiko lehen fase honetan, horietatik bost etxean:

- Urriak 24 (bigarren jardunaldia) 18.30etan: Bidaideak Bilbao BSR - Abeconsa Baskemi Ferrol 

- Urriak 30 (hirugarren jardunaldia) 18.30etan: Bidaideak Bilbao BSR - Fundación Grupo Norte 

- Azaroak 15 (bostgarren jardunaldia) 13.30etan: Bidaideak Bilbao BSR – CD Amfiy 

- Azaroak 21 (seigarren jardunaldia) 18.30etan: Bidaideak Bilbao BSR – Getafe BSR 

- Abenduak 19 (bederatzigarren jardunaldia) 18.30etan: Bidaideak Bilbao BSR – CD Ilunion