Enpresa berriak sortzeko, hazteko eta sendotzeko

uriola.eus 2015ko urr. 27a, 08:30

Argazkia: Bilbao Ekintza

Bilboko Udalak sei milioi euro esleitu dizkio 2014-2020ko 'Bilbao Sortzen' proiektuari, horietatik hiru Europako Gizarte Funtsak emanak.

Bilbao Ekintzak kudeatuta eta finantzaketaren %50 Europako Gizarte Funtsetik jasota, ekimen horrek enpresentzako eta autoenplegu-ekimenetarako laguntza eta sendotze-zerbitzuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea du helburu. Proiektua pertsona guztien, batez ere beren ahal ekintzailea garatzeko oztopo gehien dauzkatenen, beharrei erantzutean oinarritzen da.

'Bilbao Sortzen' proiektuak hirian enpresa berriak sortzeko, hazteko eta sendotzeko prozesu osoa hartzen du barne, bereziki mikroenpresei eta ETE-ei dagokienez. Horrez gain, haien lehenengo etapetan hiriko ETE-en eta saltokien lehiakortasuna indartzean jartzen du arreta. Kudeaketa administratibo eta finantzarioarekin, merkataritzarekin, marketinarekin eta giza baliabideekin zerikusia duten alderdi guztietan laguntzeaz gain, balio erantsiko zerbitzuak eskaintzen ditu enpresa-kudeaketako azken joeretan beharrak estaltze aldera, hala nola, berrikuntzan, teknologian, komunikazioan eta nazioartekotzean.

 

2014-2020ko Europako Gizarte Funtsa Programa Eragilea
'Bilbao Sortzen' proiektua Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa jasotzeko deialditik sortu da, 2014-2020ko Europako Gizarte Funtsa Programa Eragilearen esparruan. Programak enpresa-espiritua, ekintzailetza eta enpresen sorketa bultzatu nahi ditu. Horrez gain, enpresetako langileen moldatzeko gaitasuna hobetzea eta hezkuntza- eta prestakuntza-sistemak lan-merkatuaren beharretara egokitzea proposatzen du, eskolatik lanerako iragatea errazteko eta hezkuntzako eta lanbide-heziketako sistemak sendotzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Europako Gizarte Funtsa Programa Eragileak langabezia-tasak murriztea du erronka. Horretarako, langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetu nahi du, batez ere iraupen luzeko langabeena eta langabeziak gehien eragiten dien taldeena, hau da, 25 urtetik 34 urtera arteko gazteena, 55 urtetik gorakoena, desgaitasuna duen pertsonena eta etorkinena, besteak beste. Era berean, genero-arrakala gutxitzen lagunduko du. Azkenik, laneratze aktiboa sustatu nahi du, bereziki aukera-berdintasuna, partaidetza aktiboa eta enplegagarritasunaren hobekuntza sustatzeko asmoz.

 

Europako Gizarte Funtsa
Europar Batasunaren tresna finantzario nagusia da Europako Gizarte Funtsa. Estatu kideetan enplegua sustatzeko eta kohesio ekonomiko eta sozial handiagoa bultzatzea xede duena. Europar Batasunaren Egitura Funtsetako bat da, haien finantzaketa estatu kideetako eskualde guztietan kohesio soziala eta ongizate ekonomikoa hobetzeko erabiltzen baita. Egitura Funtsak birbanatzeko tresna finantzarioak dira eta Europa barruan kohesioa hobetzen laguntzen dute, gastua garapen txikieneko eskualdeetan biltzen dute-eta; zehatz-mehatz, Europako Gizarte Funtsaren laguntzek Europar Batasunean lanpostu gehiagoren sorketa eta lan-baldintzen hobekuntza babestu nahi dute. Horretarako, Europako Gizarte Funtsak enplegu-mailak, lanen kalitatea hobetu eta lan-merkatuan sartzen laguntzen duten estatuko, eskualdeko eta tokiko proiektuak batera finantzatzen ditu estatu kideetan eta haien eskualdeetan.

 

www.bilbao.net