Madrilen bihar, hilak 7, indarkeria matxisten kontra egingo den estatu‑martxa babestu du Bilboko Udalak. "Zoritxarrez, gaur egun ere gure inguruan dagoen indarkeria matxistaren adierazpen oro arbuiatzen eta gaitzesten du" Udalak. Besteak beste, indarkeria horren adibidetzat jotzen ditu Bilbon "duela gutxi gertatu diren erasoak".
EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Udalberri eta Goazenek sinatutako agirian konpromisoa hartu dute "gure eskumenen esparruan", emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxisten aurkako "udal-politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko". Udalak, erakunderik gertukoena izanik, "nahitaezkoak gara indarkeria matxista prebenitzeko eta arreta eskaintzeko programak garatzeko, harreman afektibo-sexualen eredu berriak sustatzeko eta emakumeei askatasuna kentzen dieten jokabide sexistak eta estereotipatuak desagerrarazteko".
Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea "gizartea osatzen dugunon erantzukizuna da" Udalaren hitzetan, eta horregatik "izan behar dugu jarrera aktibo eta irmoa emakumeen kontrako indarkeriaren edozein adierazpenen aurrean, salatu egin behar dugu, ez dugu gerta dadila onartu behar, ez dugu isilik geratu behar eta babesa eskaini behar diegu indarkeria hori jasan dutenei. Bestela esanda, erantzukizun indibiduala eta kolektiboa agertu behar dugu era guztietako erasoen aurrean".