Igande eta jaiegunetan aisiaz disfrutatu eta deskantsatzeko eskubidea defendatu dute gaurko agerraldian. Eskubide horren defentsan, 25.000 sinadura jaso dituztela eta 70 udalerritan mozioak aurkeztu dituztela iragarri dute. "Demostratutzat" jo dituzte ordutegi komertzialen liberalizazioa defendatzen dituztenen argudio "faltsuak". Liberalizazioak "ez du aktibitate ekonomikoa handitzen, ez du enplegurik sortzen eta kontsumitzaileei ez die askatasun gehiago ematen", adierazi dute. Gainera, sektoreko langileentzat "gehiegikeriazko praktika den normalizazio estrategia" dela salatu dute.
Sindikatuen, merkatarien elkarteen eta kontsumitzaileen elkarteen esanetan, beste lurralde batzuetako esperientziak erakusten du, 'zonalde turistiko' izendapena duten guneetan "ez dela enplegua sortzen". Gaurko agerraldian zehaztu dutenez, "kontuan eduki behar da EAEn turismoagatik ez dela biztanleriaren hazkunderik ematen eta gurera datorrena ez dela erosketetara zuzendutako turismoa".
Eusko Jaurlaritzaren jokaerarekin oso kritiko azaldu dira. "Lege-biltzarrera bidali nahi duten azken testuak, zonalde turistikoaren ezarpena eta ordutegi komertzialen deregulazioaren onarpena suposatzen duelako. Gutxiengo baten interesak soilik defendatzen dituelarik: merkatal zentru haundien zuzendaritza eta jabeena".
Bilbo eta Donostia: txanpon bakarraren bi aldeak
Bilbo eta Donostiako Udalek proposatutako zonalde turistikoen erregulazioak, "txanpon bakarraren bi aldeak dira". Bilbok, hiriko hiru zonaldetan irekitzeko erabateko liberalizazioa ezarri du, zonalde horietan hiriko merkatal gune handi eta kateak kokatzen direlarik. "Erabakia zuzenki kaltetuak diren merkatari elkarteekin akordatu gabe" hartu duela salatu dute.
Donostiak aldiz, Alde Zaharra soilik deklaratu du 'zonalde turistiko', 150 metro karratu baino gehiagoko zentro bakarra dagoelarik.
Hitz gogorrak zuzendu dizkiete, batik bat, Bilboko kudeatzaile nagusiei. "Hiri bietan zentro handiek zonalde turistikoen neurriak beren zonaldeetara ere zabaldu nahi dituztela jakin badakigu. Gainera, hiri bi hauetako udal arduradunek merkataritza defendatzen dutela esaten dute, baina Bilbok handien interesen menpe jardun duen bitartean, Donostiak ez du horrela jardun".
Azaroaren 29an manifestazioa
"Irekiera horiek gizarteak ez dituela nahi, ez direla eraginkorrak erosketak sustatzeko eta enplegurik sustatzen ez duela aldarrikatzeko", manifestazioa deitu dute azaroaren 29an Bilbon 12:00etan Moyua Plazatik hasita.
Bai sektoreko langile orori bai merkatarien elkarte guztiei dei egin diete, "igande eta jaiegunen irekieraren aurka agertu daitezen". Era berean, lan-mundu guztiari eta gizarte osoari luzatu diete deialdia, "errealitateak '0' izaten jarrai dezan".