Bolintxuko harrobian emandako baimenak berehala baliogabetzeko eskatu du EH Bilduk

uriola.eus 2015ko aza. 11a, 11:15

EH Bilduren esanetan isurketak harrobiaren goikaldetik egin dira (Argazkia: Ekologistak Martxan)

Ingurumen Batzordean, Bolintxuko harrobiaren berriztapenean izandako "irregulartasunak" salatu ditu gaur goizean Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak. "Beste behin, interes ekonomikoei eman zaie lehentasuna, herritarren interesak kontuan hartu beharrean", esan du Cementos Rezola enpresari emandako baimenaren harira. EH Bilduren arabera, baimena "enpresa horren neurrira" diseinatu da.

Udalak egindako Pagasarri Mendirako Plan Bereziaren "zenbait puntu ez dira betetzen" eta, hortaz, "hainbat" dira EH Bilduk baieztaturiko irregulartasunak Ibaibarriagak gaur salatu duenez. Besteak beste, meatze-jarduerak galarazita daudelako, "Cementos Rezolak proposatutako eta Udalak onartutako lur-mugimenduak 500.000 metro kubikokoak izan direlako", planak lur-mugimendu txikiak baimentzen dituenean, Kantauriko Ur-Konfederazioak "harrobiaren goikaldetik isurketak egitea" galarazten duelako, proiektuan aurreikusita ez zeuden leherketak egin direlako edota Bolintxuko hezeguneak natur balioa duelako. 

Hortaz, Pagasarri Mendirako Plan Berezia eta beste araudi batzuk "ez dira betetzen". Ibaibarriagaren iritziz argi geratu da "Udalak ez duela egin beharreko guztia egin. Gainera, Bolintxuko gune horretan izandako kalteak ikertzeko azterketa egitea proposatzen dute. Udalak ordainduko du azterketa, nahiz eta aztertu beharreko lurzorua jabetza pribatu bat izan". EH Bilduren ustez, jabeak ordaindu behar du azterketa hori.

"Irregulartasun horien aurrean", EH Bildu koalizioak Bilboko Udalak emandako baimenak berehala bertan behera uzteko eta atzera botatzeko eskatu du. Horrela ez bada, "argi geratuko da, beste behin, Udal Gobernuak herritarren interesak lehenetsi beharrean, interes ekonomikoak lehenesten dituela", esan du Ibaibarriagak.