Europako Kopako podiuma eta Espainiako Kopako bosgarren titulua BM-Bilbaoren helburu

uriola.eus 2015ko aza. 12a, 12:30

Zulema Fuentes-Pila, Tania Carretero eta Silvia Vega atleta berriak fixatu ditu BM-Bilbaok ezarritako helburuak lortzeko. Klubak lanean dihardu atletismo "integral eta integratzaileagoa" izateko Bilbon, "atleta gazte, ume, gizon zein emakumeen parte hartzea atletismoaren espezialitate guztietara zabalduz". 

BM Bilbaok, Bilboko Udaletxean aurkeztu du gaur 2015-2016 denboraldiari aurre egingo dion emakumezkoen Kros taldea. Bilbao Atletismo Santutxu taldeak 10 urte daramatza atletismoa sustatzen hirian, atletismoarekin lotutako lasterketak antolatzen eta klubeko atleta zein taldeak maila eta garrantzia desberdinetako txapelketetan parte hartzera bultzatzen.

 

Etapa itxaropentsua, indartutako talde batekin

BM-Bilbaok hiru atleta garrantzitsu fitxatu ditu taldea nabarmen indartuz eta klubak agendan markatuta dituen estatu zein nazioarte mailako helburuak erdiesteko asmoz. Alde batetik, 3.000 metroko oztopo-lasterketetan estatu mailako atletarik onena eta Kross kategorian maila handian lehiatzeko gai den Zulema Fuentes-Pila kantabriarra fitxatu du; bestetik, Tania Carretero, Krosseko Espainiako Txapelduna eta 10.000 metrotan promesa; eta azkenik, Kross eta Pistako Euskadiko eta Bizkaiko Txapelduna den eta Espainiako haur kategoriatan birritan txapelduna izan den Silvia Vega fitxatu du. Fitxaketa hauek kalitatea, esperientzia eta ilusio gehiago ekarriko dute taldera.

Bilbao Atletismo Santutxu taldeak garaipen berriak lortzeko eta klubaren agendan ezarritako konpromisoak betetzeko ilusioz ekingo dio denboraldi berriari. Indartutako talde honek, sailkapeneko goreneko postuetan mantentzeko lanean jarraituko du.

Otsailaren 7an BM-Bilbao taldeko atletak Turkiara joango dira taldeka lehiatu beharreko landan zehar modalitateko Europako Kopan podioa berresteko. Espainiako Txapelketa ere Klubaren beste helburuetako bat da. Txapelketa honetan taldeak gogor lan egin beharko du lehenengo postua lortzeko eta honenbestez, bosgarren titulua jarraian irabazteko, New Balance taldearen errekorra lortuz. Zalantza barik, ilusioz eta emozioz beteriko denboraldia izango da aurtengoa.

Klubak urte guzti hauetan zehar izan duen filosofia berbera mantentzen du, alegia, emakumezkoen kirola eta hauen parte-hartzea sustatzea, adina eta egoera pertsonala edonolakoa izanda ere, bai kirol-praktikan, bai goi-mailako txapelketetan.

 

Eskola eginez

Bilbao Atletismo Santutxu klubak atletismoan etorkizuna duten atletak prestatzen jarraitu nahi du. Horretarako, hirugarren urtez, Bilboko neska-mutilei 2013ko urrian Zorrotzako atletismo-pistetan abian jarri zen atletismoko eskola berrira hurreratzeko deia egiten diegu, tarte osasuntsua eta dibertigarria pasatuko dute euren adineko beste ume batzuekin eta atletismoa praktikatuz.

Eskolari buruzko informazio gehiago ezagutzeko hurrengo web orrialdea bisitatu daiteke: www.bilbaoatletismosantutxu.com