Aitziber Ibaibarriaga EH Bildu bozeramaileak udal-etxebizitza kopurua handitzea eskatu dio Udalari. Eskaera hori 2004-2016 urteetarako aurreikusita zegoen inbertsio plana "bete ez delako" egin du Ibaibarriagak. Datorren urterako alokairuan emateko jabetza publikoko 6.000 etxebizitza izatea aurreikusten zen. Gaur egun 4.000 bat soilik ditu Udalak erabilgarri. “Hau da, hasieran batean esan zuten kopuruaren %33a ez da eskuratu”, salatu du Ibaibarriagak.
Inbertsio-plana ez betetzeak ondorioak izango ditu datozen urteetan. Izan ere, udal-etxebizitza eskatzen duten pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Egun 7.502 bilbotarrek egin dute eskaera. Aurreko urteko abenduan baino %14 gehiago.
Azken urtean hazkunde "ikaragarria" izan da, baina eskuratutako etxebizitza kopurua "oso bestelakoa" izan da. Aurten eta datorren urtean 27 etxebizitza eskuratzea aurreikusten da, eta horrek eskatzaileen eta erabilgarri dauden etxebizitza kopuruaren arteko distantzia handituko du.
Inbertsio gehiago
Egoera horri aurre egiteko EH Bilduk proposamen bat egingo du azaroko Udalbatzarrean. Lehiaketa publiko baten bitartez erabilitako etxebizitza eskuratzeko 2.000.000 euro inbertitzea, alegia. "Diru hori Udal Etxebizitzak duen 12 milioiko soberakinetik lor daiteke", Ibaibarriagaren esanetan. Neurri horrekin "Bilboko biztanleen arteko, eta baita auzoen arteko, desberdintasuna gutxitzea lortuko da. Izan ere, urteak joan, urteak etorri, desberdintasun hori hazten joan da abiadura biko Bilbo bat sortuz".