Atzeratu egin dute 35 euskal herritarren aurkako auzia, abenduaren 3ra. Ezker abertzaleko 35 kide horietako bat da Mikel Etxaburu, Bilbo Zaharreko bizilaguna, eta Etxabururi eta gainerakoei elkartasuna adierazteko antolatu dute 'Libre asteburua' auzoz auzo eta herriz herri.
Euskal Herria "laranjaz koloreztatzera" deitu dituzte herritarrak, "eskubide zibil eta politikoen defentsa" egitera eta 'Epaiketa politikorik ez!' aldarrikatzera.
'Libre asteburua'-ren baitan, Herriko Tabernen defentsak ere izango du lekua. Bilboko hainbat auzotan, "Herrikoak libre eta zabalik" aldarrikatzeko ekimen ugari antolatu dituzte.
Bilbo Zaharrean
Auzotar den Mikel Etxabururi babesa eta elkartasuna agertzeko 19:00etan elkarretaratzea deitu dute Bilboko Zaharreko plazan 'Epaiketa politiko gehiagorik ez!' lelopean.
Larunbatean, hilak 14, eguerdian, Bilbo Zaharreko plazan, txapa eta farolatxoen tailerra antolatu dute Goizalde elkarteko kideek eta 14:00etan parrillada goxoa. Arratsaldean, 17:00etan, herri mosaikoa eratuko dute eta ondoren erromeria izango da. Iluntzean, "musika eta sorpesa" iragarri dute Goizalde elkartekoek.
Santutxun
Futbolin txapelketa antolatu dute gaur, ostirala, Santutxuko Herriko Tabernan. 22:00etan izen-ematea eta beroketa, 22:30ean txapelketari hasiera emateko.
Deustun
Gaur, ostirala, 'Deustuko Herriko taberna libre eta zabalik' lelopean manifestazioa egingo dute Done Petri plazatik abiatuta. Ondoren, 20:30ean, poteo musikatua eta txorizo jana izango da eta 22:00etatik aurrera Naroa Gaintzaren 22m2 taldearen kontzertua.
Indautxun
Gaur, ostirala, 'jai laranja' antolatu dute Kirruli elkartean 20:00etatik aurrera. 'Kirruli libre' kamiseta berria eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek hiru euroren truk. Larunbatean, hilak 14, mus txapelketa antolatu dute 17:00etatik aurrera. Izen-ematea doakoa bada ere, aurretiaz izena eman beharko dute partaideek elkartean bertan.
Uribarrin
Larunbatean, hilak 14, 11:30ean abiatuko dira Artxandan zehar mendi irteera egin asmoz Uribarri elkarteko kideak. Bi orduren ostean, 12:30ean luntxa prest izango dute elkartean, eta tripa ondo asetu ostean, argazki herrikoia aterako dute.