Francisco Franco, "Europako terroristarik odoltsuenetariko bat", ohean hil zen 1976ko azaroaren 20an. Sare Antifaxista elkarteak "genozidatzat" du Franco, eta bere bizitzaren azken egunera arte, "inolako zigorrik jaso gabe" bizi izan zela adierazi du. Hil eta gero, ere bai. "Denok dakizuenez, diktaduraren ustezko amaierarekin justizia ez zen lortu. Alderantziz, Francok dena lotuta eta ondo lotuta utzi zuen… oso ondo lotuta, hainbesteraino non gaur egun zigorgabetasunaren korapiloa ezin dugun askatu. Hala ere, militar mespretxagarri horrena ez da dena. Gobernuaren egoitzetan, parlamentuetan edo enpresetako bulegoetan dauden bi aurpegiko demokratak krimen horien konplizeak izan ziren".
Injustizia, krimenak ikertu gabe jarraitzea
Oroimena "oso hautakorra" den arren, Sare Antifaxista elkartearen aburuz, alperrikakoak dira han-hemenka zabaldu diren demokraziari buruzko irakaspenak. "Gurekin ez duzue zorterik izango: guk jakin badakigu zuen bakea hobi komunen bakea dela. Konbentzitu nahi gaituzue justiziaren bilatzea zer edo zer zaharra eta desfasatua dela. Zauriak berriz ez irekitzeaz hitz egiten duzue baina zauriak inoiz ez dira itxi. Zuek kontra egon arren, oroimena ezabatzeko asmoa inoiz onartuko ez dugunok, asko eta asko gara. Oroimena, hiltzaile madarikatuak, inoiz ez da ezabatuko eta. Berriro esaten dugu: azaroaren 20an ez dugu ezer ospatzeko. Hala ere, zuek, atzoko eta gaurko faxistek, arrazoi asko dituzue topa egiteko: Franco diktadoreari esker, zuek egindako krimenak ikertu gabe jarraitzen dute".
Desagertutako pertsonen artean munduko bigarren postua
Monarkiari, alderdi politikoei, "ohorezko salbuespen gutxi salbu", eta negozio-gizon batzuei esker, diktadurako hiltzaileentzat Estatu espainiarra "paradisu handia" da, Sare Antifaxista elkarteak salatu duenez. Gaur egun Espainiak errekor "nazkagarria" du: "Desagertutako lagun gehien duen munduko bigarren herrialdea da. Aurretik Kanbodia bakarrik dago". Gainera, nazioarteko erakundeek eginiko arreta deiek ez dute aldaketarik eragin bere jarreran. Esaterako, Epainiako gobernuak Nazio Batuen Erakundearen justiziari eta ordaintzari buruzko erabakiak "ez ditu bete nahi" eta, onartutako neurriak, Oroimen Historikoaren Legeak, kasu, "ez du ezertarako balio izan". Elkartearen hitzetan, "ez fusilamenduengatik ordaintzeko, ez bortxaketengatik, ez umetxoak lapurtzeagatik" ez du zigorrik ezarri.
Elkarretaratzea eta martxa
Honen aurrean, gaur, azaroaren 20an, Frankismoaren "biktima guzti horiek" ohoratu nahi dituzte memoria historikoaren defentsan lanean diharduten elkarteek. Alde batetik, haien oroimena defendatuko dute eta, beste aldetik, "konplexurik gabe, faxismoaren aurkako atzoko, gaurko eta biharko borroka" aldarrikatuko dute.
Bilboko hitzordua, 'Inpunitatea amiltzen' lelopean, Unamuno plazan izango da 19:00etan.
Bide batez, Madrilen, Estatuko 70 kolektibo eta elkartek antolatuta, igandean, hilak 22, egingo den 'Oroimenaren aldeko martxa' mobilizazioan parte hartzera ere deitu dute: "Zigorgabetasunaren harresia lurrera botatzeko garaia heldu da. Garaia heldu da, zuek, atzoko benetako faxistak eta gaurko bi aurpegiko demokratak, lasaitasunean ez lo egiteko. Justiziaren alde, askatasunaren alde. Atzerapausorik ez".
Euskal Herritik autobusak antolatu dituzte igandean Madrilera joan eta martxan parte hartzeko.