Urbanizazio-lanen lenen fasea, Trenbideko etorbidearen eta Autonomia kalearen artekoa, amaitzear dago, eta oraingo obra horren jarraipena izango da. Sabino Arana kalearen eraberritze integralak, batetik, eta Errekalde eta erdialdea lotzeak, bestetik, 62.500 metro karratuko aukera-espazioa sortuko dute eta gai sukorren eraikina zena izango da alde horretako trakzio-elementua.
Autonomia kalearen eta A-8 autobideari eusten dion ezpondaren arteko aldea eraberritzeko lanen aurrekontua 2,9 milioi eurokoa da eta burutzeko epea 6 hilabetekoa. Jarduketa-eremua, guztira, 23.000 metro karratukoa da eta parke handi bat egongo da bertan, 4.000 metro karratutik gorakoa, Basurtu auzokoentzat eta Bilbo osoko herritarrentzat.
Horrela Basurtu auzoko Bihotza eratuko da eta bertan aisialdirako eta atsedena hartzeko lekuak, bideak, lur gaineko aparkalekuak, bizikletentzako errei bat, berdeguneak, estalitako kirol kantxa bat eta zuhaitz handiak egongo dira. Etxebizitzen ezkerraldean espaloiak zabalduko dituzte 7 metroko zabalera eduki arte. Uriak eta auzoak dituzten beharrei erantzuten dien proiektua da. 175 zuhaitz handi egongo dira eta LED motako 100 argi-puntu, hainbat fokorekin. 7.000 metro karratuko azaleran belarra eta hiri-altzariak egongo dira.
Etorbide guztian, ia 300 metro luze eta 3 metro zabal izango den bidegorri bat egongo da.
Bai Sabino Arana kalea eraberritzea, bai FEVEren trenbidea, Errekalderaino, behin estalita, goiko aldea urbanizatzea, uriaren ikusmolde global batetik pentsatuta daude, Errekalde eta Basurtu auzoak uriaren erdialdearekin lotzeko eta, berdegune eta oinezkoen aldeen bidez, oinezkoentzat espazio gehiago egoteko. Horretarako, besteak beste, irisgarritasuna hobetuko da eta zenbait kale auzoaren barruko zirkulaziorako utziko dira. Jarduketa-eremua, guztira, 62.500 metro karratukoa da, Trenbideko etorbidetik Gordoniz zubiraino, Sabin Arana etorbidean zehar. Aukera-espazio horretarako hiri-diseinuaren xedeak hauexek dira: Sabino Arana etorbidea muga izateari uztea, kalitate oneko berdegune eta aisialdi-leku gehiago egotea eta lur gaineko aparkalekuak egotea.
Eremu handi hori eraberritzeari gai sukorren eraikina laster zaharberritzeko lanak ere gehitu behar zaizkio; hain zuzen, eraikin hori Basurtu auzoko bihotzaren trakzio-elementua izateko.