Genero indarkeriaren aurrean prebentzioaren, arretaren eta koordinazioaren aldeko apustua egin du Udalak

uriola.eus 2015ko aza. 23a, 14:22

Asteazkenean, azaroak 25, Bilbo lilaz jantziko da Emakumeen aurkako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna dela eta. Ekintza puntuala izango da, emakumeen eta gizonen berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzeko Udalak urte osoan gauzatzen dituen ekimen eta programen artetik bat.

Genero-indarkeria gaur eguneko gizartean dauden desberdintasunen ondorioa da, indarkeria baliatzen dutenek emakumeenganako boterea eta menderatzea adierazi nahi baitute horrekin. Gizartearen eta osasun publikoaren arloko arazoa da, eta, ondorioz, Udalak, bere eskumenen eta erantzukizunen barruan, genero-indarkeriaren prebentzioaren eta arretaren arloko planak eta programak prestatu, taxutu, txertatu eta koordinatzeko erantzukizuna du bere gain, betiere berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea lortze aldera.

Horiek horrela, eta Itziar Urtasunek prentsaurrekoan azaldu duenez, berak zuzentzen duen Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak eremu pribatuan zein publikoan egiten den indarkeria matxistaren prebentzioan eta arretan politika estrategikoak sartu eta indartu ditu. 

Prebentziari begira egiten diren Udal programak

Genero indarkeria etorkizunean erauzteko estrategia eraginkorrena prebentzioa da. Eta era berean, prebentzioaren oinarriak, aldaketaren edo balioen heziketaren aldeko uste oso erreala eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko komuneko lana dira.

Prebentzioaren arloko programa hezkuntzaren eremuan

Udalak hezkuntzaren eremuan prebentziorako duen programaren helburua da Bilboko nerabeak eta gazteak berdintasunezko gizartea eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoa eraikitzeko prozesuan protagonista izatea.

Alde batetik, genero-indarkeriaren prebentziorako eta berdintasuna sustatzeko tailerrak antolatzen ditu, DBHko 3. eta 4. mailako, batxilerreko eta LHZetako ikasleentzat, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat, alegia. Tailer horiei esker, ikastetxeek genero-indarkeriaren arazoa aztertzen dute eta gainera, zubi-lana egiten dute eragileen, gazteen eta irakasleen artean.

2015-2016 ikasturte honetan, 174 ikasle talderekin tailerrak eta ikasle eta familiekin 33 hitzaldi egitea aurreikusita dago. 2015 urteari dagokionez, tailerrak egin dira 21 ikastetxetan 105 ikasle talderekin eta 19 hitzaldi ikasle eta familiekin. Guztira, 14 eta 18 urte bitarteko 975 neskek eta 1034 mutilek parte hartu dute (orotara 2009 ikasle).

Beste alde batetik, hartzaile berberentzako beste ekimen bat gazteen talde bereziak dira. 2012an abian jarri zen ekimen honen helburua da berdintasunaren arloan sentsibilizatuta egon eta emakumeen aurkako indarkeria-egoerak eztabaidatzeko gaitasuna duten neska eta mutil nerabeekin talde estrategiko bat sortzea, gai horiek sakonago hausnar ditzaten eta euren parekoen artean sentsibilizazio-ekintzak pentsatu eta garatu ditzaten eskolan bertan.

2015-2016 ikasturtean talde estrategiko bi sortu dira beste horrenbeste ikastetxetan; talde horiek osatzen dituzten neskak eta mutilak "agente gazte" bihurtu dira eta sentsibilizazio-ekintzak eta prebentziokoak taxutu dituzte Udalaren laguntzarekin. Guztira, hasi zenetik sei talde sortu dira sei ikastetxetan.

'Geu BiOk: erasorik gabeko internet gunea' beste proiektu bat da, gela barruan gazte jendea berdintasunaren eta emakumeen indarkeriaren aurka sentsibilizatzeko eta gehiago parte hartzeko eta horretan esku-hartzen laguntzeko. Horretarako  www.bilbao.net/geubiok webgunea eta sare sozialak ditugu, eta horietan, hain zuzen ere, hainbat informazio bildu da, ezkongaien arteko genero-indarkeriari buruz eta maitasun erromantikoari buruz, esaterako; testak, komikiak, albisteak, agenda, musika eta bideoak ere badaude, eta baita kontsultorio anonimo bat ere; hor, genero-indarkeriaren arloko psikologo espezializatu batek harremanei buruzko zalantzak argituko dizkie bertara jotzen duten guztiei.

2015eko lehen seihilekoan, %85 bisita berri izan dira. Guztira, 1914 bisitari (10,6 bisitari egun bakoitzeko) eta 2.208 bisitari (12,2 bisitari egun bakoitzeko) izan dira.

Programa: Emakumea, Osasuna eta Indarkeria

Hezkuntzaren arlotik osasunaren arlora. Udalak, emakumeen osasun sexuala eta ugaltzekoa hobetzeko helburuarekin, eta aldi berean genero-indarkeriazko egoerei aurrea hartzeko, Emakumea, Osasuna eta Indarkeria izeneko programa dauka, Bilboko hainbat kultur komunitatetako emakumeentzat.

Horretarako, hainbat nazionalitatetako emakumeak ahalduntze-agente egiten dira, prestakuntza jaso ondoren eta gero, emakume horiek, beste emakume batzuentzako jarduerak antolatzen dituzte, Horiez gain, beste erakunde batzuk ere laguntzen dute informazio eta sentsibilizazio lanak egiteko tailerretan.

2015ean, hamaika herrialdetako 32 emakumek parte hartu dute eta bederatzi elkartek eskaini dute lankidetza. Emakume horiek orain euren komunitateetan ari dira lanean, ahalduntzeko-agente lanak egiten. Era berean, osasunaren arloko 16 agente prestatu dira, EGMren (emakumeen genitalen mutilazioa) prebentzioari zuzenean lotuta. Efektu biderkatzailearen bidez, 48 agente horiek beste 138 emakumerengana iritsi dira, horiei prestakuntza eskainiz eta osasunaren eta indarkeriaren prebentzioan lagun eginez.

Programa horren barruan, tailerrak eskaintzen zaizkie erakunde laguntzaileei, osasun sexualari eta ugaltzekoari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko informazioa emateko eta gai horietan sentsibilizatzeko. Tailer horiek gai horietan diharduten Bilboko erakundeetako erabiltzaileei, profesionalei eta boluntarioei eskaintzen zaizkie. Aurtengo azken lauhilabetean 24 tailer antolatu dira. 

Urrian, Bilboko Udalak emakumeen genitalen mutilazioaren prebentziorako erakundeen arteko protokoloa aurkeztu zuen; aurrenekoz jarri da abian protokolo hori Bizkaiko hiriburuan. Protokolo horrekin, 2013an Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan hasitako fase-pilotuari amaiera eman zaio eta hortik Errekaldeko barrutian txertatu da. Hauek dira protokoloa egiten parte hartu dutenak: Bilbo-Basurto Erakunde Sanitario Integratua (Osakidetza), Udaleko eskola-osasuna, Hezkuntza Saila, Haurren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren gaiei buruzko Foru Aldundiko eta Udaleko sailak eta Auzolan Modulua.

Jaietako eraso sexisten aurkako kanpaina

Aste Nagusia heltzen denean, Udalak eta Bilboko Konpartsek jaiguneetako eraso sexisten aurkako sentsibilizazio-kanpaina egin eta eraso horien aurrean nola jardun adierazten du. Kanpaina horren leloa 'Bai beti da bai. Ez beti da ez' da. 2015ean, ekimenaren helburua izan da herritar guztiak inplikatzea eta kanpaina auzoetako jaietara ere zabaltzea; gainera, “Egin keinu bardintasunari” kanpaina ere gauzatu du, bilbotar guztiak gonbidatuz emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak, eta, batik bat, eraso sexistak, arbuia ditzaten eta berdintasunezko jaien alde egin dezaten

'Andre ta Jabe'

Azaroaren hasieran 'Andre ta Jabe' programa estrategikoaren bigarren edizioa aurkeztu zen. 2014an aurreneko aldiz bultzatutako programa honek, bikotean edo etxean ez ezik bizitzaren eta gizartearen arlo guztietan ere gertatzen diren mikromatxismoak agerian jarri, izendatu, ezagutu eta aztertu nahi ditu. 'Andre ta Jabe' programak komunitatean mobilizazio edota antolakuntza prozesu parte-hartzaileak bultzatzen ditu lan-metodologia bezala, kontzientzia eragin eta konpromisoak adostu eta burutu ditzan, eta, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzeko programak, ekintzak edo egitasmoak zuzen ditzan.

Azaroaren 25eko kanpaina – lila koloreko puntua

Bilboko Udalak herritarren eskura jarriko du Lila Puntua, xede izanik emakumeenganako indarkeriaren kontrako gaitzespen publikoa adieraztea. Kanpaina hau Emakundek eta Eudeleko Berdinsareak sustatutakoa da. Erakunde, elkarte eta, oro har, herritar guztiek indarkeria hau publikoki salatu eta baztertzeko irudia da Lila puntua. Honen bitartez, herritarrak indarkeria matxistaren kontrako jarrera adierazten du, eta agerian uzten du berdintasunaren eta gizarte parekide baten alde dagoela.

Hortaz, aurten ere Bilboko Udalak Lila puntua daramaten baliabideak (40.000 txapa, 10.000 binilo, 12.000 kartel, eta abar) zabalduko ditu hainbat tokitan: eraikin instituzionaletan (Udaletxea, Aznar Eraikina, Arriaga Antzokia, Bilbao Ekintza, Azkuna Zentroa,…), udaltegietan, ikastetxeetan, osasun-zentroetan, liburutegietan, kiroldegietan, elkarteetan, unibertsitateetan, etab.

Biktima diren emakumeentzako arreta

Genero Indarkeria Egoeran diren Emakumeentzako Prebentzio eta Arreta Udal Programa, Berdintasun, Erantzukizun publiko eta parte hartze soziala, Baztertzerik ez, Kultur Aniztasuna eta aniztasunarekiko errespetua, Partaidetza, Segurtasun eta Zeharkotasuna, Normalizazioa, Koordinazioa, Prebentzioa eta Eraginkortasuna bezalako oinarrizko printzipioek agintzen dute.

Koordinazioko Udal Protokoloa

Udaleko hiru sail koordinatuta, hain zuzen ere, Berdintasun, Lankidetza, Elkarbizitza eta Jaietako Saila, Gizarte Ekintza Saila eta Segurtasuneko Saila, Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen prebentziorako eta arretarako Udal Programako helburu nagusia definitu da: presaz jardutea eta arreta pertsonala, jarraikakoa, espezializatua, osoa eta koordinatua eskaintzea Bilbon bizi eta euren bikote-harremana (harreman formala edo izatezkoa, gaur egungo harremana edo iraganekoa) gatazka-egoeran duten emakumeei edota genero-indarkeria jasaten ari diren emakumeei, alegia, eraso fisikoak, sexualak edo psikologikoak –baita mehatxuak, bortxa eta askatasuna modu arbitrarioan kentzea ere- jasaten ari direnei.

Genero-indarkeriaren arloko arretarako Udal Programak, aipatuta hiru sail horien bidez, honakoak eskaintzen ditu: poliziaren babesa eta laguntza; informazioa, aholkularitza eta orientabideak; presazko arreta eta lagun egite soziala; arreta sozial espezializatua; arreta psikologikoa; aholkularitza juridikoa; familian eta umeengan esku hartzea; aldi baterako harrera segurtasun arrazoiak direla eta; laguntzarako baliabideak, egoitzakoak eta laguntza ekonomikoak.

Erakunde barruko eta erakundeen arteko koordinazioa

Instituzioen arteko koordinazioa ezinbestekoa da, alde batetik, genero indarkeria egoerarik salatu ez duten emakumeei arreta sozial goiztiarra eskaintzeko, eta bestetik, emakume guztiei eskubide eta prestazio berberak bermatzea ahalbidetuko duen arreta osoa emateko, biktimizazio bikoitza, eta hainbat kasutan hirukoitza dena ekidin aldera.

Helburu honekin, Udalak protokolo anitz lotu ditu zenbait entitaterekin. Horien artean, nabarmentzekoak dira:

2011ko ekainean "adingabekoak tartean dauden genero-indarkeriazko egoeretan esku hartzeko" prozedura ezarri zen; horietan Berdintasun, Lankidetza, Elkarbizitza eta Jaietako Sailak eta Gizarte Ekintza Sailak modu koordinatuan jarduten dute. Egoera horietan, hasierako arreta Gizarte-larrialdietako udal zerbitzuak (GLUZ) edota Genero-indarkeriaren arloak esku hartzeko Negoziatuak ematen du biktima den emakumeak adingabekoak dituenean bere zaintzapean eta familia Bilbon bizi denean.

Adingabekoak tartean dauden genero-indarkeriazko egoerak hauek dira: genero-indarkeria adingabekoen familia-eremuan gertatzen denean, kontuan hartuta adingabekoek era horretako egoerak bizitzeak arrisku-egoera, hau da, babesgabetasuna, ekar diezaiokeela.

Osasun esparruarekin lotutako Protokoloa (Bilboko Eskualdea, Basurtuko Ospitalea, Bizkaiko Osasun Mentalaren Sarea, Osasun eta Kontsumo saileko Herrialde- Zuzendaritza). Protokolo hau 201ean sinatu zen eta helburu bikoitza du: alde batetik, salatu ez den genero-indarkeriazko egoera edota gatazka-egoera larria (gizarte zerbitzuek halakotzat identifikatuta) bizi duten emakumeei arreta sozial goiztiarra ematea; bestetik, Bilbon genero-indarkeriaren biktimen balorazioa egiteko, bideratzeko eta jarraipena egiteko osasun ermuaren eta udal eremuaren artean koordinaziorako jarraibideak ezartzea.

Udalak beste erakunde batzuekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak

• Lankidetza Hitzarmenak Bilboko Udalaren eta Arreta Psikosozialeko Modulu bakoitzaren artean, programak garatzeko gizarteratzean, osasun hezkuntzan eta osasun publikoaren sustapenean eta sexu indarkerian (Auzolan Modulua, Deustu-San Inazio Modulua eta Errekalde Modulua). Programa hauek dira, hain zuzen ere: arreta psikologikoa; taldekako arreta psikologikoa; arreta judiziala; aholkularitza eta jarraibideak arlo soziosanitarioan; ikastetxeetan egiteko tailerrak; 60 urtetik gorakoak. 

• Lankidetza Hitzarmena Bilboko Udalaren eta Pertsona Itsuen Erakunde Nazionalaren (ONCE) artean, Dibertsitate Funtzionalaren Ikuspegia sartzeko Genero Indarkeriaren aurkako Udal programan (2014ko iraila)

• Lankidetza Hitzarmena Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Gutxitu Fisiko eta/edo Organikoaren Federazioaren (FEKOOR) artean, Dibertsitate Funtzionala daukaten Emakumeetan genero indarkerian sentsibilizatu, prebenitu eta artatzeko (2010eko urria).

Lankidetza Protokoloa Genero Indarkeriako Kasuak Kudeatzeko Bilboko Ertzain Etxearen eta Bilboko Udalaren artean (2010eko martxoa). 

Herritarrei emandako zerbitzua

Zerbitzuen agiriaren bidez, Bilboko Udalak zenbait konpromiso hartzen ditu, eta konpromiso horiei buruzko iritzia ematen dute gero emakume erabiltzaileek.

Urterik urte, arreta jaso duten emakumeen zerbitzua bikaina dela adierazi dute; 2014an egindako gogobetetze-inkestaren arabera, zerbitzuan emandako tratuari eta konfiantzari 9,1eko puntuazioa eman diote eta horrela, Udalaren erantzukizuna bete egiten da.

2015eko lehenengo seihilekoan, Udalak 279 emakumeri eman dio arreta; horietatik 114k lehenengoz jo dute zerbitzura: 40 kasutan Gizarte larrialdietako Udal Zerbitzuen bidez iritsi dira; 31 euren ekimenez; 17 oinarrizko gizarte zerbitzuetatik iritsi dira; 1 Osakidetzatik bideratuta; 3 modulu psikosozialen bidez eta 22 beste bide batzuetatik. Gainerako egoerak aurreko urteetan hasitakoak izan dira.

Harrerako udal programari dagokionez, aurtengo urtarriletik ekainera 15 izan dira harreran hartu dituzten emakumeak, 12 adingabekoekin; horietako 11 kasu berriak dira. Une honetan, 9 pertsona dira harrerako udalaren  beste horrenbeste etxebizitzatan bizi direnak.

Genero-indarkeria dela udaltzainen esku-hartzeei dagokienez, lehenengo hiruhileko bietan 53 esku-hartze egon dira, 20 atxilotu eta 27 salaketa (esku-hartzeen % 57) eta 22 babes-agindu eman dira.

Gizarte-larrialdietako udal zerbitzuak (GLUZ), 2015eko lehenengo seihilekoan zerbitzua eman die 184 emakumeri; horietako 83 genero-indarkeria dela eta, 28ri babestutako zentroan harrera eman zaie eta 73 AICCtik bideratuta.

Hitzordu bi azaroaren 25erako

Ekitaldi instituzionala

Bilboko Udalak adierazpen instituzionala irakurriko du, modu ireki eta parte-hartzailean, Azkuna Zentroan, azaroaren 25ean (eguaztena), 11:00etan. Udalaren eta emakumeen elkarteen ordezkariek parte hartuko dute, uriko beste pertsona ezagun batzuekin batera.

Manifestazioa

Azaroaren 25ean, 19:30ean, urtero legez, Arriaga Antzokiko plazan manifestaziorako deia egiten dute Feministen eta Emakumeen Mugimenduak.