Bilboko Koordinadora Feminista: "Erakundeek indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide eta ideia eraldatzailerik ez dute"

uriola.eus 2015ko aza. 24a, 17:09

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da biharkoa, azaroak 25. Urte "beltza" izan da 2015a, genero indarkeriari dagokionez. Batik bat, beltzak udatik aurrerako hilabeteak. Bai Estatu espainiarrean bai Euskal Herrian, eta Bilbo ez da salbuespena izan. Horregatik, 2015eko azaroaren 25ean, Bilboko Koordinadora Feministak egoeraren azterketa egiterakoan ezin du Bilbo hirira mugatu eta irakurketa isolatua egin.

Zenbakiak gora doaz. Egun, geroz eta gehiago ezagutzen dira eta geroz eta gehiago salatzen dira genero indarkeria kasuak. Ildo berean, mugimendu feminista ematen ari den erantzuna "geroz eta gehiago ikusten da kalean eta geroz eta indartsuagoa da". Gainera, forma berriak hartu ditu erantzunak. "Adierazteko modu berriak". 'Autodefentsa feminista' izena ere eman diote joera horri, eta karate teknika batzuk ikastetik haratago doan kontzeptua da, askoz zabalagoa, eta "burujabetza garatzeko tresnak" ahalbidetzea du xede. Ostiralean, hilak 27, koordinadorak antolatu duen mahai-inguruaren aztergaia izango da. 19:00etan, La Bolsa udaltegian, 'Autodefentsa feministaren adierazpen anitzak' lelopean, hainbat elkartetako kideek parte hartuko dute bertan.

 

Bilbo eta Bilboko Udala

Juan Maria Aburtok zuzentzen duen udal gobernua gogor kritikatu du Bilboko Koordinadora Feministak. Besteak beste, borondate politiko, eduki eta aurrekontu falta egotzi dizkio koordinadorak. Are gehiago, alkateak esandakoa eta egindako bat ez datozela salatu dute koordinadorako kideek. "Udalak genero indarkeriaren aurka borondate politikoa baduela esan zuen alkateak, Udalaren esku zegoen guztia egiten ari zirela, baina borondatea aurrekontuarekin neurtzen da, eta berdintasun gaietarako 2016ko aurrekontua murritza da".

Ostegunean, udalbatzarrean eztabaidatu eta okerrik ezean onartuko den 2016rako Bilboko Udaleko aurrekontu proiektuak -EAJ eta PSEko udal gobernuak aurkeztua- %4ko igoera aurreikusten du 2015ekoaren aldean. Emakumeentzako arreta sozialera eta berdintasun politikak sustatzera bideratuko den kopurua, baina, %0,12 bakarrik igoko da. Igoera "oso murritza", "barregarria" irizten dio koordinadorak, eta beste hiri handi batekin alderatu ditu zenbakiak. Bartzelonarekin. Bartzelonan Udalak %30 handituko du berdintasunera bideratutako aurrekontua 2016an. 

"Ez gaude instituzioen aurka", zehaztu dute. Izan ere, Bilboko Udalaren baitan dagoen Berdintasun Batzordean parte hartzen du koordinadorak, eta bertan jarraitzeko interesa agertu du, baina ez kontsultarako organo gisa. "Erabakiak hartzeko espazioa" izatea nahi du, edukiak eta aurrekontua dituena.

"Guk gauza bat argi daukagu: erakundeek indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide eta ideia eraldatzailerik ez dutela, baina guk bai; baditugu proposamenak, baita agenda bat ere. Ideia ugari dugu eta hauek gauzatzeko indar nahikoa ere bai", adierazi dute.

 

Azaroak 25: manifestazioa eta beltzez janzteko deia

Udal gobernuari Bilboko Koordinadora Feministaren proposamenak helarazteko azaroaren 25eko manifestazioko ibilbidea aldatu dute. Arriagatik, Eliptika plazara eta handik Biribilera joango dira, udaletxean martxa bukatzeko. 

Biharko eguna, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna, 'dolu eguna' deitu duen egitasmoarekin bat egin du Bilboko Koordinadora Feministak. Hori dela eta, beltzez janzteko deia zabaldu dute bilbotarren artean. 

Azaroak 25 - Agenda

10:00etan Maite Asensio Lozano Berria egunkariko kazetariak 'Hedabideei begira, betaurreko moreak jarrita' izeneko hitzaldia eskainiko du, Bidebarrietako liburutegian ELA sindikatuak eta Manu Robles-Arangiz Institutuak antolatuta.

10:15ean Steilas sindikatuak antolatuta, 'Beldurrari hortzak erakutsi' unitate didaktikoa aurkeztuko dute eta, 11:00etan, Norma Vazquez militante feministak hitzaldia eskainiko du. Bi ekimenak Steilas sindikatuaren Bilboko egoitzan izango dira (Nikolas Alkorta 3). 13:30ean, Steilaseko kideek elkarretaratzea egingo dute Plaza Biribilean, 'Hezkitza da bidea' lelopean.

11:30ean Zorrotzan protesta eguna deitu dute. Auzoko sarreran hormairudia margotuko dute: "Zerk egiten zaitu handi biolentziaren aurrean? Salatu…". Globoak askatuko dituzte parkean biktimen oroimenez eta ondoren, ikasleek ekintzak izango dituzte institutoko jolasorduan. Bukatzeko, 19:00etan, indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egingo dute Fray Juan eta Astillero kaleen arteko izkinan.

19:00etan Miriam Herbonek dinamizatuta, 'El buen amor, vacuna para la violencia de género' hitzaldia izango da Rekalde Aretoan. Hitzaldi honetan maitasun zintzoa identifikatzen laguntzeko gako batzuk aztertuko dira, genero-indarkeriari aurre egiteko emakumeen baliabide gisa.

19:00etan Uribarrin elkarretaratzea egingo dute arrapala mekanikoetan.

19:30ean manifestazioa Arriaga plazatik hasita, 'Indarkeria matxista 'inori/inoiz/inon EZ!' lelopean.

 

[2015-11-24] Indarkeria matxistaren aurrean 'inori/inoiz/inon EZ!' aldarrikatzeko ekimen ugari azaroaren 25ean

[2015-11-24] Elkartzen: Erasoen aurrean antolakuntza eta autodefentsa

[2015-11-23] Genero indarkeriaren aurrean prebentzioaren, arretaren eta koordinazioaren aldeko apustua egin du Udalak